Euskal selekzioak deitu du Borja Zubizarreta mendi lasterkaria

Andoni Elduaien 2021ko urr. 22a, 09:49
Borja Zubizarreta mendi lasterkari azkoitiarra. (utzitakoa)

Frantzian korrituko du mendi lasterkari azkoitiarrak datorren asteburuan, eta hurrengoan Italiara egingo du bidaia. Bi probak munduko kopako azken bi lasterketak izango dira. 

Borja Zubizarreta mendi lasterkaria euskal selekzioarekin arituko da datozen bi asteburuetan. Aiaramendi Korrikalariak taldean aritzen da Zubizarreta, eta datozen bi asteburuetan, selekzioen mailan lehiatzeko aukera izango du azkoitiarrak. Datorren asteburuan, Frantzian jokatuko den proba batean arituko da Zubizarreta, eta hurrengo asteburuan Italiara egingo du bidaia. Bi mendi lasterketak munduko kopako azken bi probak dira.

Igandean, urriak 24, Frantziako Skyrace des Matheysins mendi lasterketan parte hartuko du Zubizarretak; Saint Honoré (Frantzia) herrian jokatuko da 25 kilometroko proba, eta 2.000 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre mendi lasterkariek. Urriaren 30ean, berriz, Italiako Limone Xtreme lehiara joango da azkoitiarra. Limone Sul Garda herrian (Lombardia, Italia) jokatuko da 23 kilometroko mendi lasterketa, eta 2.055 metroko desnibel positiboa du.

Zubizarreta "gustura" agertu da euskal selekzioaren deia jaso eta selekzioen mailako lehian parte hartzeko aukera izango duelako. Euskal selekzioak eman dion "aukera baliatzeko gogotsu" dagoela azaldu du azkoitiarrak, eta gainera, etorkizunera begira esperientzia "ondo" etorriko zaiola uste du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide