Hazinnova programan parte hartu duten Azkoitiko bost enpresak jaso dute berritzaileak direla egiaztatzen duen ziurtagiria

Ane Olaizola 2021ko urr. 21a, 12:22

Guztira, 48 enpresak jaso dute ziurtagiria, eta horietatik bost Azkoitikoak dira: Alberdi Mekanizatu Lanak, Erlo, Ibermach Special Machinery, Konberbi eta Uralmek. Azpeitian egin dute ziurtagiri banaketa gaur, Iraurgi Berritzenek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldian. Enpresa horiek ekoizten dituzten produktuetan edo negozio prozesuetan berrikuntza sustatzeko neurriak ezarri dituztelako jaso dute aitortza.

Urola Erdiko, Urola Kostako, Debabarreneko eta Debagoieneko 48 enpresak berritzaileak direla egiaztatzen duen ziurtagiria jaso dute gaur, osteguna, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan. Enpresa horiek SPRI taldeak eta Innobasquek kudeatzen duten Hazinnova programaren lehen edizioan parte hartu dute, eta ekoizten dituzten produktuetan edo negozio prozesuetan berrikuntza sustatzeko neurriak ezarri dituzte. Horregatik jaso dute egiaztagiria Iraurgi Berritzenek eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatutako jardunaldian.

Honako hauek dira ziurtagiria jaso duten Azkoitiko enpresak: Alberdi Mekanizatu Lanak, Erlo, Ibermach Special Machinery, Konberbi, Uralmek. Orotara, baina, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 342 enpresak parte hartu dute Hazinnova programaren lehen edizioan. Hainbat jardunaldi egiten ari dira ziurtagiriak banatzeko, eta gaurkoa, Azpeitikoa, bosgarrena izan da.

Gaurko jardunaldian izan dira, besteak beste, enpresa horietako ordezkariak, baita Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Alberto Fernandez Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria eta Gotzon Bernaola Innobasque agentziako Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia. Horiez gain, han izan dira programan aholkularitza zerbitzua eskaini duten Iraurgi Berritzen, AFM, ASLE, Elikaduraren Klusterra, Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, GAIA, Urola Kostako Mankomunitatea eta Innobasque eragileetako ordezkariak ere.

Hazinnova aholkularitza ez-teknologikoa eta bidelaguntza zerbitzua da, eta enpresetan lana antolatzeko nahiz produktuak zein zerbitzuak merkaturatzeko modu berriak ezartzea du helburu. Hain zuzen ere, fabrikazio, logistika, merkaturatze nahiz administrazio eta finantza arloetako negozio prozesuetan edo alor berritzaileetako mikroproiektuak dituzten ETE-ei zuzenduta dago Hazinnova.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide