Eskuratu daitezke 'Perez sagutxoa' antzezlanerako sarrerak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 21a, 10:19
Antzezlanaren irudi bat. (Glu Glu)

Entradium atarian eros daitezke antzezlanerako sarrerak, 4 euroren truke. Urriaren 30ean, 18:00etan izango da antzezlana Baztartxo antzokian.

Glu Glu konpainiak Perez sagutxoa antzerkia taularatuko du urriaren 30an, Baztartxo antzokian. Antzezlanerako sarrerak gaur jarri dituzte salgai, eta Entradium atarian eskuratu daitezke, 4 euroren truke. Hilaren 30ean, 18:00etan eskainiko dute antzezlana.

Perez sagutxoaren kondairak muga, belaunaldi eta amets guztiak gainditu ditu urteetan zehar. Ipuin klasikoari helduta, eta komedia lehenetsiz, alegiazko istorioa dantzekin eta abestiekin jolastuz kontatuko du Glu Gluk. Istorioaren erdigunean jarriko du konpainiak zaintza, bereziki pertsona ahulenen zainketa, hala nola etxeko zaharrena edota haurrena.

Asmatzaile ospetsuek osatzen dute kaxildatar saguen komunitatea, eta horiek pertsonen etxe berri batean sartuko dira. Etxera iristean, gurasoekin bizi den Xuri haurrak oso harreman estua egingo du Perez sagu gazteenarekin. Bien arteko adiskidetasuna haurraren burkoaren azpiko oharren eta gutunen truke bitxi batekin hasiko da. Xuri gauero iluntasunaren beldur izango da, eta Perez sagutxoa izango da bere ametsen zaindaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide