Naia Arrizabalagak Euskal Herriko Eskolartekoaren finala jokatuko du igandean

Andoni Elduaien 2021ko urr. 21a, 08:45
Naia Arrizabalaga bertsolaria.

Abadiñon (Bizkaia) izango da finala, 11:30ean hasita. Lurraldeetako eskolarteko txapelketetatik sailkatutako hamaika bertsolarik hartuko dute parte. Bertsolari azkoitiarra bigarren sailkatu zen Gipuzkoako Eskolartekoan.

Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarrak 33. Euskal Herriko Eskolartekoaren finala jokatuko du datorren igandean, urriak 24, Abadiñon (Bizkaia). Arrizabalaga maiatzean Urnietan (Gipuzkoa) jokatu zuten Gipuzkoako Eskolartekoaren finalean sailkatu zen Euskal Herrikora, txapeldun-orde gelditu baitzen orduan. Aurretik lau kanporaketa gainditu zituen azkoitiarrak, eta finalean, sei bertsolarirekin batera aritu zen: lau kanporaketetako lau bertsolari irabazleak ziren eta beste bi beraien saioetan puntuazio onena zutelako sailkatutakoak.

Saioa 11:30ean hasiko da, eta lurraldeetako eskolartekoetan sailkatutako 11 bertsolari arituko dira: Arabatik, Maddi Agirre eta Eukene de los Aires sailkatu ziren; Bizkaitik, June Diaz eta Janire Arrizabalaga; Gipuzkoatik, Arrizabalagarekin batera, Ekain Tolaretxipi; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Oneka Arteaga; Nafarroatik, Beñat Astiz eta Eki Mateorena; eta Zuberoatik, Aetz Etxart.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu txapelketak, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere. Iaz, pandemia tarteko, Euskal Herriko Eskolartekoa antolatzeko zailtasunak izan zituzten, eta horregatik, Eskolatik Plazara ekimena antolatu zuten haren ordez, lurraldeetako eskolartekoetatik sailkatutako bertsolari gazteek jendaurrean kantatu zezaten; Arrizabalagak Gernikan (Bizkaia) kantatu zuen.

Euskal Herriko Eskolartekoaren finalerako sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide