Izarraitz Lanbide Heziketako ikasle talde bat migratzaileentzako sakelako telefonoak biltzen ari da

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 19a, 11:30

Gizarteratze zikloko ikasle talde batek sakelakoak biltzeko kanpaina abiatu du, Irungo Harrera Sarekoekin elkarlanean. Datozen egunetan Azkoiti-Azpeitiko hainbat tabernatan eta saltokitan jarriko dituzte eskuko telefonoak uzteko kaxak.

Izarraitz Lanbide Heziketan Gizarteratze zikloa ikasten ari diren hainbat ikaslek kanpaina bat jarri dute martxan, migratzaileentzako eskuko telefonoak biltzeko. Beren ikasketa prozesuan Irungo (Gipuzkoa) Harrera Sarekoekin harremanetan jarri ziren, migratzaileen errealitatea gertutik ezagutzeko, eta hortik sortu da egitasmoa. Izan ere, haiekin elkartu ostean ohartu ziren etorkin askok sekulako zailtasunak izaten dituztela Interneta duen mugikor bat eskuratzeko eta tresna hori beharrezkoa dutela familiarekin kontaktua mantentzeko. Horregatik, haiei laguntzeko asmoz, eskuko telefonoak biltzeko kanpaina hasi dute.

Gipuzkoa osoko ikasleak daude proiektua martxan jarri duen 25 bat laguneko taldean, baina haietako gehienak Azkoiti-Azpeitikoak dira. "Irungo Harrera Sarekoekin biltzean ohartu gara erakunde publikoek egiten ez duten lana egiten duela elkarteak, herri antolakuntza bidez. Migratzaileei arreta duin bat ematea lortu nahi dute haiek; hau da, iristen direnean lo egiteko toki bat, arropa, janaria... izan ditzaten bermatzea. Gu saiatu gara beraiekin elkarlanean aritzen, eta horregatik erabaki dugu proiektu hau aurrera eramatea", azaldu du ikasle taldeak.

Duela gutxi jarri dute martxan kanpaina, eta orain, kartelen nahiz sare sozialen bidez ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatuko dira. Datozen egunetan Azkoiti-Azpeitiko hainbat tabernatan eta saltokitan jarriko dituzte eskuko telefonoak uzteko kaxak, eta herritarrak animatu dituzte etxean soberan dituzten sakelakoak gune horietara eramatera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide