Sanandresak 2021

Eman daiteke izena Azkoitiko XVI. Herri Lasterketan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 18a, 11:07
2019an jokatutako lasterketako irudia.

Iazko etenaren ondoren, azaroan jokatuko da aurten herri lasterketa. 10 kilometroko proba izango da, eta herriko kaleetan zehar jokatuko da. Azaroaren 20ra bitartean eman ahal izango da izena.

Azaroaren 20an jokatuko da Raka Maraton kirol elkarteak antolatutako Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa, eta dagoeneko eman daiteke izena proban. Herrikrosa.eus webgunean eta Azkoitiko Elkargunean eman daiteke izena; Elkargunean izena emateko aukera azaroaren 19ra arte egongo da, eta webgunean lasterketa egunera arte.

Herri lasterketa 16:30ean hasiko da herriko plazatik, eta azken urteetako probetan bezala, 10 kilometroko lasterketa egin beharko dute parte hartzaileek; hain zuzen ere, zirkuitu bati bi itzuli eman beharko dizkiote korrikalariek. Izen-ematea webgunearen bitartez edota Elkargunean egiten dutenek, proba egunean jasoko dute dortsala plazan; 14:30etik 16:10era arte egongo da horretarako aukera. Proban 302 lagunek eman ahalko dute izena gehienez, hori baita antolatzaile taldeak zehaztu duen dortsal kopurua.

XVI. Herri Lasterketa iazko azaroaren 28an ziren egitekoak, baina antolatzaileek proba bertan behera uztea erabaki zuten orduko osasun egoeragatik. Antolatzaileek, baina, aurtengo urteko lasterketarako prestatzen hasteko eskatu zieten orduan herritarrei; "gogoratzekoa izango da", gaineratu zuten. Azken herri lasterketa Iker Ortiz de Zaratek eta Nerea Etxeberriak irabazi zuten; 160 lagun inguruk parte hartu zuten azken edizioan. Ikusi orduko argazkiak, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide