ISBko neska-mutilek ezin izan dute garaipenik erdietsi

Andoni Elduaien 2021ko urr. 18a, 09:00
Kataluniarren aurka jokatutako neurketako irudia. (Mikel 'Otola')

Azkoitia-Azpeitia ISBk herenegun jokatu zuen Bartzelonan, eta sei punturen aldeagatik galdu zuen. Juaristi ISBk, aldiz, atzo Azpeitiko kiroldegian aritu zen, eta bost puntugatik galdu zuen. Bi taldeak sailkapeneko beheko postuetan dauden egun kokatuta.

Iraurgi Saskibaloiaren lehen bi talde nagusiek galdu egin dute asteburuan. Azkoitia-Azpeitia ISB emakumezkoen taldeak sei punturen aldeagatik galdu zuen larunbatean Lima-Horta Barcelonaren aurka, Bartzelonan. Juaristi ISB gizonezkoen lehen taldeak, berriz, ezin izan zuen mendean hartu ICG Força Lleida taldea atzo, Azpeitiko kiroldegian.

Juaristi ISB taldeak ICG Força Lleida taldea izan zuen aurrean, baina taldeak ezin izan zuen lortu denboraldiko lehen garaipena; izan ere, 86 eta 91 galdu zuten kataluniarren aurka. Lehen laurdena atzetik amaitu zuen taldeak, baina bigarren laurden ezin hobe baten ondoren, 11 puntuko errenta hartu zuten etxekoek.

Atsedenaldiaren ostean, baina, kataluniarrak gehiago izan ziren kantxan, eta bigarren laurdenean ISBk lortutako etekina iraultzea lortu zuten, hirugarren eta laugarren laurdenetan 25 eta 27 puntu saskiratuta. ISBko jokalarien artean Pavel Savkov eta Ibon Guridi nabarmendu ziren gehien atzo; 20 eta 16 puntuko balorazioa lortu zuten, hurrenez hurren.

ISBk oraindik ez du lortu garaipenik Urrezko LEB Ligan, eta hori horrela, sailkapeneko 15. postuan dago kokatuta. Datorren asteburuan, Melilla Sport Capital (Melilla, Espainia) taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Iñaki Jimenezen mutilek.

Neskek, ezin Bartzelonan

Azkoitia-Azpeitia ISBk herenegun, larunbata, neurtu zituen indarrak Lima-Horta Barcelona taldearen aurka Bartzelonan, eta hirugarren laurdenean egin zion ihes partidak. Andoni Lazkanoren taldea bi puntuko errentarekin iritsi zen atsedenaldira, baina, 26 puntu jaso eta 17 saskiratu zituen taldeak hirugarren laurdenean. Azken laurdenean, aldiz, txukun aritu zen berriro taldea, baina neskak ez ziren gai izan etxekoengana hurbiltzeko. Azkenean, 75 eta 69 galdu zuten neskek Bartzelonan. ISBreko jokalaririk onenak Marguerite Effa eta Juana Maria Molina izan ziren, 25 eta 21 puntuko balorazioa lortuta.

Azkoitia-Azpeitia ISB LF Challenge Ligaren sailkapeneko azken-aurreko postuan dago sailkatuta; izan ere, jokatu dituzten bost partidetan garaipen bakarra lortu du Lazkanok zuzentzen duen taldeak. Datorren asteburuan, Murtziako (Espainia) Hozono Globa Jairis taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Azpeitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide