Karateak erdigunean jarri du Azkoitia asteburuan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 17a, 19:25

Karaterik onena bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko aukera eman du Azkoitian jokatu den karate jardunaldiak. Kirol honi guztia ematen dioten neska-mutilek maila aparta erakutsi dute Elkargunean.

Karatearen plaza eta hiriburua izan da Azkoitia azken bi egunotan. Lau tatami, 650 karateka, horien entrenatzaileak, gurasoak eta jarraitzaileak elkartu dira herrian, Espainiako Karate Ligaren bigarren faseko jardunaldia jokatzeko. Asteburu osoan izan da protagonista karatea Elkarguneko kantxa nagusian; izan ere, larunbatean gizonezkak aritu ziren tatamien gainean, eta gaur, emakumezkoak. Kata, kumite eta parakarate modalitateetako saioak eskaini dituzte kirolariek.

Azkoitiko Anaitasuna Kanku karate klubak eta Azkoitiko Udalak sustatu dute ekimena, eta Euskadiko nahiz Espainiako federazioek bultzatu dute. Kanku karate klubak ere ordezkaritza zabala izan du herritarren aurrean jokatutako txapelketan, eta bederatzi karatekek parte hartu dute: Manex Platerok, Markel Pirisek, Felix de la Cruzek, Rafael eta Rordigo Ibañez anaiek eta Kalare Olaizolak. Gainera, kluba ez da esku hutsik gelditu; izan ere, Felix de la Cruz parakarate modalitatean aritzen den karateka azkoitiarrak hirugarren postua lortu zuen larunbatean, eta brontzezko domina eskuratu zuen. Kankun diharduen Rafael Ibañez errioxarrak, berriz, urrea jantzi zuen 84 kiloz azpikoen kumite modalitatean.

Karatea kantxan eta harmailetan sentitu ahal izan da asteburuan. Behean, ikusi eta entzun ahal izan dira karateak bereak dituen ezaugarriak; hala nola karateken oihuak, emozioak, urduritasunak eta aurkariei emandako kolpeak. Goian, berriz, ez dira falta izan kirolariei zuzendutako gomendioak eta animoak. Karateak harrera ona izan du herrian, eta nola ez, karatekek eta karate zaleek gogotik gozatu dute herriarekin. Karateak beti izango du tokia Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide