Anaitasunako neskek garaipena lortu dute Gasteizen; mutilak, esku hutsik itzuli dira

Andoni Elduaien 2021ko urr. 17a, 14:05
Neskek ez dute porrotik jaso lau jardunalditan. (Anaitasuna)

Anaitasunaren lehen bi talde nagusiak Jose Luis Compañon zelaian aritu dira asteburuan. Atzo, 1 eta 3 mederatu zuten Deportivo Alaves B neskek, baina, gaur, 3 eta 1 galdu dute mutilek San Ignacioren aurka.

Asteburu gazi-gozoa izan da Anaitasuna futbol taldearentzat. Zelai berean, Jose Luis Compañon futbol zelaian, jokatu dituzte Anaitasunaren lehen bi talde nagusiek beren neurketak, baina, gaur, mutilak ez dira atzo neskek lortutako balentria errepikatzeko gai izan. 

Gorka Zubizarretak zuzentzen duen nesken taldea 1 eta 3 nagusitu zen atzo, larunbata, Deportivo Alaves B taldearen aurka. Atsedenaldira iritsi baino hamar minutu lehenago egin zuten gorrixek huts eta batekoaren gola, Maria Juaristiren burukada baten ondoren. Halere, minutu gutxira berdindu zuten babazorroek, eta atsedenaldira banakoarekin joan ziren bi taldeak.

Aldageletatik bueltan, abagune gutxi sortu zituzten bi taldeek, baina amaieran Ainhoa Galarraga izan bilakatu zen taldeko protagonista. Neurketa amaitzeko ordu laurden falta zenean eta arauzko denbora betetzeko minutu baten faltan erdilariak bi gol egin zituen. Bat eta bikoa faltaz egin zuen Galarragak, eta bat eta hirukoa, baloia zelai erdian ostu eta atezainaren gainetik jaurtita.

Neskak seigarren postuan daude egun, zortzi punturekin. Datorren asteburuan, Basauriko Kimuak taldea hartuko dute etxean.

Mutilek ezin irabazi

Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den mutilen taldeak, aldiz, ezin izan du punturik batu San Ignacio taldearen aurka gaur, Jose Luis Compañon zelaian. 24. minutuan, Ander Arabaolazak buruz egin duen golarekin aurretik jarri da Anaitasuna markagailuan, baina atsedenaldiaren ostean laster berdindu dute arabarrek.

62. minutuan egin dute etxekoek bi eta batekoa, eta 88. minutuan bigarrena. San Ignaciok bi baloi harrapatu dizkio Anaitasunari baloiarekin bere zelaitik irteten ari zenean, eta modu horretan erdietsi dituzte bi golak.

Oro har, bigarren zatian gehiago izan dira arabarrak, eta Anaitasunak ez du bere egunik finena izan. Galdu arren, Xabi Artetxeren taldeak goiko postuetan jarraituko du beste aste batez, 15 punturekin. Datorren asteburuan Uritarrak azken sailkatuarekin neurtuko ditu indarrak Anaitasunak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide