Sorotan Bele taldearen abestiekin gozatu dute azkoitiarrek

Andoni Elduaien 2021ko urr. 16a, 20:39

Baztartxo goraino bete da gaur 'Sorotan Bele Gogoan' ikuskizuna bertatik bertara jarraitzeko. Herritarrek gozatua hartu dute 90. hamarkadako euskal musika entzutetsuenetako bat aurrez-aurre entzunda.

Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Sorotan Beleko Gorka Sarriegi nahiz Urbil Artola taldekide ohiek 'Sorotan Bele Gogoan' izeneko kontzertua eskaini dute gaur, larunbata, Baztartxo antzokian. 19:00etan hasi da emanaldia, eta neurri murriztailerik gabeko lehen emanaldia izanik, leporaino bete da herriko antzokia.

Sorotan Bele Gogoan musika ikuskizunak gorazarre egin dio gaur Azkoitian 1990eko hamarkadan Euskal Herriak izan zuen folk-pop talderik gogoangarrienetakoari. Musika taldeak hiru disko entzutetsu argitaratu zituen, eta haien kantu asko ereserki bilakatu dira gerora. Baztartxoko eszenatokian horietako gehienak eskaini dituzte musika bandak eta bi taldekide ohiek. Ikus-entzuleek gogotik gozatu dute duela hamarkada batzuk horren entzutetsu egin zen taldearen musikarekin.

Emanaldian batu duten diru guztia CDKL5 urritasunagatiko sindromea duten pertsonen alde lan egiten ari den elkarteari emango diote dohaintzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide