Azkoitiko Kanku karate taldeak bi domina eskuratu ditu lehen egunean

Andoni Elduaien 2021ko urr. 16a, 12:08

Kata, kumite eta parakarate arloan diharduten karateka onenak ari dira Espainiako Karate Ligako jardunaldia jokatzen Azkoitian. 650 karateka bilduko dira gaur eta bihar artean herrian. Azkoitiko Kanku karate taldeko Felix de la Cruzek eta Rafael Ibañezek dominak lortu dituzte kata eta kumite modalitateetan. Gaur mutilen txanda izan da, eta bihar, neskak izango dira protagonista.

Azkoitia karatearen hiriburua bilakatu da. Abian da Espainiako Karate Ligako jardunaldia, eta goizean goizetik, Elkargunean ari dira kata, kumite eta parakarate modalitateetako kirolariak lehiatzen. Gaur mutilak aritu dira tatamien gainean, baina bihar, igandea, nesken txanda izango da. Anaitasuna Kanku karate klubak eta udalak bultzatuta, Euskadiko eta Espainiako Karate Federazioek antolatu dute Azkoitiko jardunaldia.

Guztira, 650 karateka inguru elkartuko dira gaur eta bihar artean Azkoitian, eta horiekin batera etorri diren laguntzaileak zein senitartekoak kontuan hartuta, 1.000 lagun baino gehiagok bisitatuko dute herria. Anaitasuna Kanku karate klubeko zenbait ordezkari ere ari dira txapelketan lehiatzen. Hain zuzen ere, Manex Platero, Markel Piris, Felix de la Cruz, Rafael Ibañez eta Rordigo Ibañez dira lehiatzen ari direnak; bihar lehiatuko da Kalare Olaizola.

Dagoeneko jokatu dituzte kata, kumite eta parakarateko finalak Elkargunean. Goizean, Anaitasuna Kanku karate klubeko Felix de la Cruz azkoitiarrak brontzezko domina eskuratu du goizean parakarate modalitatean. Arratsaldean jokatu dituzte kumiteko finalak, eta sekulako giroa eta jendetzak lagunduta jokatu dituzte lehiak. Kanku karate taldea arratsaldean ere ez da esku hutsik gelditu; izan ere, Azkoitiko klubeko Rafael Ibañez errioxarrak urrezko domina eskuratu du 84 kilo azpikoen kumite txapelketan.

Bihar, igandea, goizean goiz hasiko dute neskek lehia, eta 16:15erako aurreikusi dituzte final nagusiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide