Udalak harrera egin die karate federazioko presidenteei

Ane Olaizola 2021ko urr. 15a, 14:24

Espainiako Karate Liga Nazionalaren bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan Elkargunean, eta 650 karateka arituko dira norgehiagoka. Jardunaldiaren bezperan, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako karate federazioetako presidenteak eta Juan Murillo Anaitasuna Kanku karate elkarteko ordezkaria hartu ditu udalak.

Asteburuan karateak hartuko du herria, Espainiako Karate Liga Nazionalaren bigarren jardunaldia jokatuko baitute bihar eta etzi Elkargunean. Jardunaldiaren bezperan, Javier Zubizarreta alkateak Jose Angel Rial Gipuzkoako Karate Federazioko, Jose Manuel Colas Euskal Federazioko eta Antonio Moreno Espainiako Karate Federazioko presidenteak hartu ditu gaur, ostirala, udaletxean. Azkoitiko Anaitasuna Kanku karate elkarteko Juan Murillo ere elkartu da haiekin.

650 karateka inguru arituko dira Azkoitiko jardunaldian, eta horietako batzuk azaroan Dubain jokatuko duten senior kategoriako Munduko Txapelketarako txartela lortzeko lehian arituko dira. Antolatzaileen arabera, "maila altuko" karateaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gainera, arduradunek adierazi duenez, 1.500 lagun inguru gerturatuko dira herrira, jardunaldiaren aitzakian.

Horrez gain, Elkargunean edukiera osoarekin jokatzen den aurreneko txapelketa izango da asteburukoa, COVID-19arengatik ezarritako neurriak malgutu ostean.

Udalak eskerrak eman dizkie Kanku klubari eta karate federazioei, halako ekitaldi bat Azkoitira ekartzeko egin duten "ahaleginarengatik eta lanagatik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide