Eguzkik Egino errekaren egoera salatu du Ertzaintzaren aurrean

Andoni Elduaien 2021ko urr. 15a, 15:46
Egino errekatik Eguzkik atera dituen hondakinak. (Eguzki)

Hondakinak errekara bota dituzten pertsonak ingurumenaren aurkako delitua egin duten edo ez ikertzeko, salaketa jarri du erakunde ekologistak. Eguzkik duela urtebete salatu zuen Eginoko erreka "zabortegi" bilakatu zela, baina jakinarazi du han aurkitutako uralitak ez dituztela kendu.

Eguzki erakunde ekologistak Egino errekaren egoera salatu du Ertzaintzan; izan ere, beste behin hondakin "ugari" isuri dute erreka horretan. Lehen begiratuan "plastiko zati batzuk" baino ez ziruditen arren, landaretza mugitu ostean, "zaku pila bat" aurkitu eta atera dute errekatik erakundeko kideek. Obretan erabili ohi dituzten zakuak atera dituzte errekatik, eta horiek plastikoz beteta zeuden. 

Ez da erakunde ekologistak Egino errekaren egoera salatzen duen lehen aldia. Izan ere, iazko urrian Eguzkik adierazi zuen erreka "pertsona jakin batzuen zabortegia" zela; etxeko zaborraz gain, uralitak ere aurkitu zituzten orduan. Uralitak amiantoa du, eta 2002. urteaz geroztik debekatuta dago bere erabilera nahiz salmenta, besteak beste, osagai toxikoak dituelako. Horren bueltan, Eguzkik gogorarazi du, udal guztiek 2023. urteko urtarrila baino lehen egin beharko dutela amiantodun instalazioen inbentarioa, baita instalazio horiek erretiratzeko planifikazioa ere.

Uralitek errekan jarraitzen dute, eta urek osagai kutsakorrak "oso erraz" zabal ditzaketela uste du Eguzkik. Era berean, orain arte ekologistek uralitak errekatik kentzeko egin dituzten eskaerak "alferrikakoak" izan direla azaldu dute. Izan ere, erakunde ekologistak jainarazi duenez, uralitak errekatik ken zitzaten eskatzera hiru aldiz zuzendu dira udalera eta Ura Agentziara.

Eguzkiren arabera, iazko urriaren 16an eman zion udalari Egino errekan zeuden uraliten berri, horiek handik erretiratu zitzaten eskatzeko. Azaroaren 9an, aldiz, salaketa administratiboa edo judiziala egin beharko zuela jakinarazi zioten udalari, baldin eta hamar egunean uralitak handik ez bazituzten kentzen edo udalak ez bazuen erantzunik ematen. Abenduaren 3an, ostera, erakundeak Ura Agentziari adierazi zion behartuta zegoela, batetik, zigor espedienteak irekitzera, eta bestetik, udalari hondakinak errekatik lehenbailehen erretiratu zitzan gogoraraztera.

Eguzkik ez daki Ura Agentziak "ezer" egin al duen edo ez. "Ez dugu inolako berririk izan agentziaren partetik. Bitartean, urtebete geroago, uralitak kontrolik gabe daude ingurune hidriko horretan, eta ikus dezakegunez, hiri hondakin solidoak isurtzen jarraitzen dute". Eguzkiren iritziz, eta Zigor Kodearen 352. artikuluan erreparatuta, ingurumenaren aurkako "ustezko delitua" ari dira egiten egiten hondakinak errekara botatzen dituztenak, baita horien aurrean "ezer egiten ez dutenak" ere. Hori horrela, eta ingurumen delitua den edo ez ikertzeko, Eguzkik salaketa jarri du Ertzaintzaren Ingurumen Unitatean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide