Gorobel mendilerrora irteera antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 15a, 13:40
Gorobel mendilerroa. (Argazkia: Txema-Flickr)

Irteeran parte hartu nahi dutenek urriaren 21a baino lehen eman beharko dute izena. Mendi bazkunako bazkideek 9 euro ordainduko dituzte; gainerakoek, 13 euro.

Anaitasuna mendi bazkunak egun osoko irteera antolatu du Arabako Gorobel mendilerrora. Urriaren 24an egingo dute ibilaldia, Lendoñon hasi eta Angulon amaitzeko. Ibilbidean Gorobel mendilerroa zeharkatuko dute eta beste hainbat tontor igaroko dituzte, besteak beste, Iturrigorri (1.073 metro), Ungino (1.099 metro), Eskutxi (1.185 metro), Aro (1.133 metro) eta Urieta (1.117 metro) mendietako gailurrak.

Mendiez gain, ur-jauzi bat ikusteko eta kobazulo batetik igarotzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Guztira, 24 kilometroko eta 1.400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea egingo dute mendizaleek. Irteeran parte hartuko dutenek, etxetik eraman beharko dituzte hamarretakoa eta bazkaria.

Ibilbidean parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta horretarako aukera Lopetegi Iturgintzan jarri du Anaitasuna MBak. Mendi bazkunako bazkideek 9 euro ordaindu beharko dute eskudirutan, eta, bazkide ez direnek, 13 euro. Izena emateko epea urriaren 21an itxiko du Anaitasuna MBak. Gainera, plazak mugatuak direla jakinarazi dute.

Irteeraren inguruko edozein zalantza edo galdera izanez gero, mendi bazkunako kideek anaitasunamb@gmail.com helbide elektronikora idazteko aholkua egin dute. Irteeran parte hartuko dutenak, Aizkibel liburutegian elkartuko dira urriaren 24an, 07:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide