Eguneko arreta zerbitzu berria jarri du martxan udalak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 15a, 08:45

Kultur Etxeko eraikinean, Plaza Ondo jubilatuen elkartearen instalazioetan, eskainiko dute zerbitzua. Udalak azaldu du, esperientzia pilotua dela. Egun bederatzi erabiltzaile ditu zerbitzuak.

Azkoitiko Udaleko Ongizate sailak eguneko arreta zerbitzu berria jarri du martxan. Kultur Etxeko bigarren solairuan, zehazki Plaza Ondo jubilatuen elkartean, eskainiko dute esperientzia pilotu bezala hasi duten zerbitzua, eta hamabost lagun artatzeko ahalmena izango du.

Martxan jarri izanaren helburu nagusia da hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonei beraien "autonomiari eusten laguntzea", ahalik eta denbora luzeenean, ohiko "ingurunean eta sozializazioan jarraitzeko ahalmena" izan dezaten. Era berean, zerbitzuaren bitartez lortu nahi da, "bazterkeria" egoeretatik urrunduz, adinekoen "segurtasun sentimendua areagotzea" eta "komunitate ingurunean integratzen laguntzea"; baita, ahalik eta gehien beren etxeetan egoteko "aukera erraztea" ere.

"Eguneko arreta zerbitzua laguntza eta prebentzio izaerako zerbitzua da, erabiltzaileari etxean egoten laguntzeko, eskuhartze sozio-hezitzailearen eta psikosozialaren bidez. Komunitatean, etxetik gertu, garatzen den zerbitzua da", azaldu du Janire Igoa Ongizate zinegotziak.

Zerbitzuaren hartzaileak izan daitezke, oro har, mendekotasun egoera arinean edo arriskuan dauden 65 urtetik gorako pertsonak, adin berekoak nahiz hauskortasun egoeran daudenak, eta salbuespen gisa, zenbait kasutan, mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden 65 urtetik beherako pertsonak.

Ordutegia eta prestazioak

Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan eskainiko dute zerbitzua, 10:00etatik 12:30era bitartean. Zerbitzua jaso nahi dutenek, udaleko Ongizate sailean egin dezakete eskaera. Udalak emandako datuen arabera, egun bederatzi erabiltzaile ditu zerbitzuak, baina bigarren talde bat sortzeko aukera badagoela baieztatu du.

Honako prestazioak ditu zerbitzu berriak:

  • Eskubideen eta zerbitzuen gaineko informazioa.
  • Erabiltzaileen balorazioa eta jarraipena.
  • Eskuhartze sozio-hezitzailea eta psikosoziala eskaintzea.
  • Jarduera estimulatzaileak bultzatzea.
  • Osasun fisikoa eta kognitiboa sustatzeko programak, gizarte harremanak eta integrazioa nahiz alderdi ludikoa aurrera eramatea.
  • Gimnasio egokitua, erlaxazio tailerra, eskulanak, tailer ludikoa, prentsa irakurketa, ikus-entzunezkoen tailerra eta musikoterapia jarduerak egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide