Herriko argiteria publikoa berritzeko lanak Tecuni enpresari esleitu dizkio udalak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 14a, 15:43

Argiteria berritzeko lanetan LED teknologiako ia 2.000 argi hornitzea eta instalatzea aurreikusten da. Lanek 901.749,87 euroko aurrekontua izango dute, baina udalak dirulaguntza eskuratu du Europako funtsetatik.

Azkoitiko Udalak esleitu ditu herriko argiteria publikoa berritzeko lanak. Zazpi enpresek parte hartu dute lizitazio prozesuan, baina Tecuni S.A.U. enpresari esleitu dizkio udalak lanak. LED teknologiako ia 2.000 argi jarriko dituzte herrian, eta kontratuaren balioa 901.749,87 eurokoa da –BEZ barne–.

Hala eta guztiz ere, udalak argiteria publikoa berritzeko lanetarako 487.519 euroko dirulaguntza eskuratu zuen Eskualde Garapenerako Europako Funtsetatik. Udalaren arabera, argiteria publikoa berritzeko egingo den ahalegin ekonomikoa "handia" izango da, baina aurrezte energetikoa "esanguratsua" izango da. 

Esleipendun enpresak zortzi hilabeteko epea izango du lanak exekutatzeko, nahiz eta ezarritako denborak Europako dirulaguntza epeen araberakoak ere badiren. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide