Garaipenik ez Iraurgi Saskibaloiaren taldeentzat

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 13a, 11:23
(Mikel Otola)

Azkoitia-Azpeitia ISBk 70 eta 81 galdu zuen Canoeren kontra atzo Azkoitiko kiroldegian. Juaristi ISBk ere galdu egin zuen Oviedoren kantxan, 79 eta 73.

LF Challenge zein Urrezko LEB ligetan jardunaldia izan zuten atzo, eta batean zein bestean galtzaile irten ziren Iraurgi Saskibaloiaren ordezkariak.

LF Challenge ligaren laugarren jardunaldiko partida Azkoitiko kiroldegian jokatu zuen atzo Azkoitia-Azpeitia ISBk. Real Canoe taldea izan zuten aurkari Andoni Lazkanok gidatutako emakumeek, eta Madrilgo taldearentzat izan zen garaipena (70-81); denboraldi honetan lortu duen aurrenekoa, hain zuzen ere. Alde txikiekin, baina markagailuan atzetik ibili ziren Iraurgikoak azken laurdenera arte; 19-21, 14-15 (33-36 atsedenaldian) eta 18-21 izan ziren lehen hiru laurdenetako partzialak. Laugarren eta azken laurdenaren amaieran atera zuen Canoek alderik erosoena (19-24), baina hain justu azken zati horren hasieran lortu zuten Iraurgikoek markagailuan aurretik jartzea ere (60-59). Minutu on horiek ez ziren, ordea, nahikoa izan. Azkoitia-Azpeitia ISBk ezin izan zion bukaerara arte eutsi.

Effa izan zen etxeko taldearen eta partidako saskiratzaile onena (22 puntu). Iraurgiren aldetik beste inork ez zuen 10 puntuen langa gainditu: Iparragirre (7), Altzaga (9), Lizarazu (7), Molina (8), Jaksic (9) eta George (8) izan ziren beste saskiratzaileak. Lau jardunalditan garaipen bakarra lortuta, sailkapenaren atzeko postuetan dabil momentuz Iraurgiren emakumeen talde nagusia.

Garaipenik ez Oviedon ere

Juaristi ISBk Oviedon (Asturias, Espainia) jokatu zuen Urrezko LEB ligaren bigarren jardunaldiko neurketa, eta etxeko taldearentzat izan zen garaipena (79-73). Iñaki Jimenezen taldeak lanak eman zizkion etxeko taldeari, baina ezin izan zuen denboraldiko estreinako garaipena lortu.

Neuketari bikain ekin zioten Iraurgikoek eta lehen laurdenaren bukaeran hamar puntuz aurretik ziren markagailuan (15-25). Bigarren laurdenean etxekoek Azpeiti-Azkoitikoen abantaila erdira murriztea lortu zuten, baina atsedenaldian nagusi izaten jarraitu zuen Juaristi ISBk (36-41). Hirugarren laurdenean erakutsi zuten asturiarrek aurpegirik onena; 20 eta 11ko partzialarekin, markagailuari buelta ematea lortu zuten etxekoek eta ez zioten Jimenezen taldeari atzera bueltarako aukerarik eman hortik bukaerara arte, azken laurdenean Iraurgik berriro estu bazituen ere (23-21).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide