Kurk Lueders organistak eta Pascale Karampournis biolinistak kontzertua eskainiko dute bihar

Julene Frantzesena 2021ko urr. 15a, 08:45
Kurk Lueders organo jotzaile eta Pascale Karampournis biolin jotzailea.

Organo Erromantikoaren XXII. Zikloaren barruko emanaldia izango da. 20:00etan hasita eskainiko du saioa, Andre Mariaren Jasokundearen parrokian.

Kurk Lueders organistak eta Pascale Karampournis biolinistak kontzertua eskainiko dute bihar, larunbata, 20:00etan hasita, Andre Mariaren Jasokundearen parrokian.

Bikoteak Duo Dulciâme sortu zuen 1990eko hamarkadaren erdialdean, eta ordutik, Frantzia osoan barrena ibili da biolin eta organorako errepertorioa plazaratzen. Biharkoan, Fritz Kreisler, Jacques-Nicolas Lemmens, Josef Rheinberger, Jean-Dominique Pasquet eta Jean-Charles Gandrille konpositoreen obrak taularatuko dituzte musikariek.

Kurt Luedersek ibilbide luzea du organoaren bueltan. Organo Ekoizleen Nazioarteko Sozietateko (ISO) idazkaria izan zen, eta artikulu ugari argitaratu ditu organoaren inguruan. Kontzertu eta hitzaldiak ere eman ditu mundu zehar. Parisko Sorbonako Unibertsitatean irakatsi du, eta organoko eta akonpainamenduko eskolak eman ditu 25 urtez Plaisireko Kontserbatorioan (Yvelines, Frantzia). Egun, Kurt Lueders Espiritu Santuaren Eliza Protestante Batuaren organista da, eta horrez gain, itzulpengintza espezializatuko lanak egiten ditu.

Pascale Karampournis Jean Lenert biolinistaren ikasle izan zen Aulnay-sous-Boiseko kontserbatorioan (Frantzia), eta geroago, hiru lehen sari lortu zituen Aubervilliers-eko eskualdeko kontserbatorio nazionalean, bai eta bikaintasun sari bat ganbera-musikan ere. Estatu-mailako biolin diploma du. Egun, Fontenay-le-Fleury-ko Musika Eskolako Zuzendaria da, eta biolin-eskolak ematen ditu han. Horrez gain, Pasdeloup orkestrako biolin-jotzaile titularra da 1986tik, izen handiko zuzendari askorekin jardun du.

Biharkoa Organo Erromantikoaren XXII. Zikloaren barruan Azkoitian egingo den bigarren kontzertua izango da. Duela bi aste eskaini zuten aurrena Ben Van Oosten Herbehereetako organo-jotzaileak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide