Gaztedi xake txapelketaren finala Azkoitian jokatuko da aurten ere

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 11a, 09:05
Gaztedi Txapelketaren aurreko finaleko bi lehiakide, lanean. (Anaitasuna Kakute)

Abenduaren 12an izango da, Gurea pilotalekuan, eta joan den martxoan jokatu zen 2020ko finalaren murrizketarik gabe, Anaitasuna Kakutek jakinarazi duenez. San Andres Txapelketa, aldiz, 30 jokalarirentzat mugatuta antolatuko dute; azaroaren 21ean egingo dute, Kultur Etxean.

Kutxa Fundazioak xake jokalari gaztetxoentzat antolatzen duen Gaztedi txapelketaren aurtengo finala ere Azkoitian jokatuko da. Hala jakinarazi du Anaitasuna Kakute klubak. Azkoitiko klubak Kutxa Fundazioarekin eta Gipuzkoako Xake Federazioarekin elkarlanean antolatuko du finala; abenduaren 12an izango da, Gurea pilotalekuan.

Anaitasuna Kakutekoek gogoratu duten gisan, 2021aren barruan jokatuko den Gaztedi txapelketaren bigarren finala izango da abendukoa. Izan ere, joan den martxoan 2020ko edizioaren finala ere Gurean jokatu zuten. Orduan ez bezala, eta COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren ondorioz, baldintza malguakoekin egin ahal izango dute finala. Martxokoan, esaterako, ateak itxita jokatu zuten gaztetxoen finala, eta streaming bidez eman zuten; abenduaren 12an, "gauzak aldatzen ez badira", egoera bestelakoa izango delakoan daude antolatzaileak, eta txapelketa normaltasunez egitea espero dute. "Ideia berriekin eta, batik bat, ilusioarekin ari gara lanean", adierazi dure Azkoitiko klubaren arduradunek.

Lehiari dagokionez, bi mailatan banatuta jokatuko da Gaztedi Xake Txapelketaren finala: Handiak mailan zortzi taldek hartuko dute parte, eta Txikiak mailan hamaseik.

San Andres Txapelketa

Gaztediren finala ez ezik, XXVI. San Andres Txapelketa ere ari da antolatzen Anaitasuna Kakute. Abenduko hitzordua ez bezala, iazkoaren antzeko formatuan egingo dute azaroaren 21ean 10:00etatik aurrera jokatuko den txapelketa hori. Horrela, gehienez 30 jokalarik izango dute parte hartzeko aukera, Kultur Etxean. Zazpi txandatan jokatuko dute txapelketa, bost minutuko partidekin.

2016tik 2019ra bitartean San Andres jaien bueltako txapelketarako erabili zuten formatu jendetsua berrartzeko pausoa 2022rako utzi du, horrenbestez, Anaitasuna Kakuteren zuzendaritzak. "Irail hasieran behin betiko erabakia hartu beharrean aurkitu ginen, aurreko lan eta erabaki asko eskatzen zuelako txapelketa jendetsua antolatzeak. Erabakia hartu genuen uneko egoera kontuan hartuta, aurreko urteetako formatua datorren urterako uztea onetsi genuen", azaldu dute arduradunek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide