Iñaki Jimenez: "Urrezko LEB mailan lehia gaitezkeela erakustea da gure helburua"

Julene Frantzesena 2021ko urr. 9a, 09:42
Iñaki Jimenez ISBko entrenatzailea.

ISBko gizonen lehen taldeak gaur ekingo dio denboraldiari, Basquet Gironaren aurka Azpeitiko kiroldegian (17:00) jokatuko duen partidarekin. Iaz mailaz igota, Urrezko LEB ligan ariko da Azkoitiko eta Azpeitiko taldea. Denboraldia "gogorra" izango dela aurreikusten du Iñaki Jimenez entrenatzaileak, baina taldea "gogotsu eta ilusioarekin" dagoela aitortu du. Harekin hitz egin du Maxixatzen.eus-ek.

Denboraldia hastear da. Zer aurreikuspen dituzue?

Iaz mailaz igotzea lortu genuen, eta oso urte zaila izango dela aurreikusten dugu. Urte zail hori, baina, merezitako saria izango da, eta ilusioz egingo diogu aurre.

Taldea osatuta al duzue jada?

Iazko zortzi jokalarik jarraituko dute taldean: Beñat Hevia, Ierai Aizpitarte, Ibon Guridi, Manex Ansorregi, Iñigo Royo, Pavel Savkov eta Ondrej Hanzlik. Kevin Buckingham ere taldean jarraitzekoa zen, baina hirugarren entrenamenduan belauna hautsi zuen eta ezingo du jokatu. Haren ordez, Ryan Nicholas sartu da taldean. Horrenbestez, pibotak aldatu ditugu: Coruñatik etorri da Abdou Thiam eta Menno Dijkstra Menorcatik. Bestalde, Ander Merketegik utzitako hutsunea betetzera etorri da Baskoniatik Sidy Cissoko, eta Navarra taldetik Rodrigo Senoane.

Zer nolako taldea dela esango zenuke?

Iazko moduan, oso talde gaztea daukagu. Batere esperientziarik gabea Urrezko LEB mailan, baina hazteko gaitasun handia duena. Garapena izango du taldeak, nahiz eta hasiera gogorra izango den; Urrezko LEBen esperientziarik ez izateak gauzak ez dizkigu erraz jarriko hasieran. Dena den, talde polita daukagula uste dut, erritmo handiarekin jokatuko duena.

Denboraldiari ekiteko gogoz al zaudete?

Izugarriko ilusioarekin eta gogoarekin gaude. Iaz bikain joan zen denboraldia eta apirilean bukatu genuen. Aurten ere benetako lehia iristeko zain gaude, gogotsu gaude.

Helbururik jarri al duzue denboraldiari begira?

Lehiakorrak izan behar dugu egunero-egunero, eta horretarako, batez ere lehiakorrak izan behar dugu entrenamenduetan. Maila bat gorago jokatuko dugu aurtengoan, eta jendea fisikoki hobeto egongo da, gogorrago eta azkarrago jokatuko du. Maila horretan lehia gaitezkeela erakustea da gure helburua. Iaz mailaz igotzea lortuta, aurten liga horretan jokatzeko gai garela erakusteko aukera daukagu. Emaitzak zeintzuk diren denborak esango du.

Denboraldi-aurrea egin duzue, Euskal Kopa jokatu ere bai. Aurten ezin izan duzue irabazi. Lehia hasterako, taldeari tenperatura hartzeko balio izan al dizue Euskal Kopak?

Termometro moduko zerbait izan da Euskal Kopa. Izan ere, Gipuzkoa Basketen kontra jokatu genuen, eta Urrezko LEB mailako talde horrek izen handia du. Aurreko bi urteetan lortu genuen kopa irabaztea, baina aurten baja garrantzitsuak izan ditugu lehia hori jokatu zen egunetan: ez zeuden Guridi, Cissoko eta Royo arrazoi desberdinak tarteko. Beraz, benetako tenperatura hartzeko talde osoak egon behar zukeen. Uste dut taldeak lortuko duen mailatik urrun aritu ginela Euskal Kopan, eta uste dut maila horretara iristeko denbora pixka bat beharko dugula, talde osoak ez dugulako elkarrekin entrenatu aste honetara arte.

Gironaren aurka hasiko duzue denboraldia. Nolako taldea da?

Talde oso indartsua da. Bi antolatzaileak ACB ligan jokatutakoak dira, eta eskarmentu zein kalitate handia dute. Jaurtitzaile onak dituzte, eta talde oso fisikoa da. Gauzak zail jarriko dizkigu Gironak, baina gogoratu behar da duela bi urteko Kopa talde horrexen kontra irabazi genuela Azpeitian. Ea halako zerbait gertatzen den.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide