Saltokietan iruzur saiakerak egiten ari direla ohartarazi du Udaltzaingoak

Julene Frantzesena 2021ko urr. 8a, 14:04
Azkoitiko Kale Nagusia.

Herrixen merkatari elkarteak adierazi duenez, bi saltokitan saiatu dira iruzur egiten. Udaltzaingoak arretaz ibiltzeko eskatu die herritarrei.

Herriko saltokietan iruzur saiakerak egiten ari direla ohartarazi du Udaltzaingoak. Zehazki, pakete bat emateko aitzakian, herriko saltokietan iruzur egiten saiatu direla jakinarazi du.

Herrixen merkatari elkarteak adierazi duenez, bi saltokitan saiatu dira iruzur egiten, eta saltoki horietako ordezkarien arabera, mezulari gisa identifikatutako pertsona batek diru kopuru bat eskatu zien hirugarren pertsona batentzat pakete bat uzteagatik. Gainera, dendariek hartzailearen izenean dei bat jaso zuten, mesedez ordaintzeko eta paketea hartzeko eskatuz.

Edozein zalantzaren aurrean, 943-85 71 71 telefono zenbakira deitzeko eskatu die Udaltzaingoak herritarrei, eta iruzurrean eror ez daitezen adi ibiltzeko deia egin die horiei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide