Klik!

Zezenak afizio

Berrosueta (Azpeitia) baserritik Azkoitiko mugara arteko larreetan ditu zezenak Josu Uriak (Loiola, Azpeitia, 1974). Egun, baserria eraberritzen ari dira, eta Azkoitian bizi da Uria. Txiki-txikitatik gustatu izan zaio ganadua, eta gaur egun Santa Coloma arrazako buruak ditu.

1995. urtetik

Zezenak hazten eta hezten 1995.ean hasi zen Josu Uria. "Aurreneko behia, bakarra, Asentzio Sakari hartu nion. Jolaserako ekarri nuen hura. Lehenengo zezena, berriz, Zelai Luze ganadutegiko Joxeri [Oñederra] hartu nion; elegantea zezena", dio Uriak. Egun, Santa Coloma arrazako 24 buru ditu.

Plaza

Zezenak eta behiak prestatzeko plaza bat dauka eraikita Berrosueta baserriaren ondoan Josu Uriak (argazkian). Noizik eta behin, uztai eta errekortari txapelketetan ibiltzen diren Azkoitiko eta Azpeitiko gazte batzuk joan ohi dira hara entrenatzera. Uriak esan duenez, torero gazte bat edo bestek ere eskatu izan dio plaza entrenatzeko.

Taldean

Elkarrekin hazitako zezen txikiak taldean, elkarren ondoan, ibili ohi direla azaldu du Uriak. Belardian ere batera, elkarren babesean, egon ohi dira.

Santa Coloma arrazakoak

Aurreneko Santa Coloma arrazako zezenak Extremaduratik (Espainia) ekarri zituen Berrosuetara, eta arraza horretako buruak hazten ditu. "Hiru buru izan nituen aurrena, eta haiekin hasi nintzen poliki-poliki. Azkena ekarri ditudan buruak, berriz, Zaragozatik ekarri ditut, odola nahasteko; bestela, txikiak-eta gelditzen dira. Hemen inguruan arraza honekin jarduten duen ganaduzalerik ez dago, eta horregatik ekartzen ditut kanpotik", azaldu du.

Ganajatekoa

Ganaduari ematen dion jatekoaren prezioa azken urteetan asko igo dela Uriak, baina berak zezenak gustuko ditu, eta haiek hazteko zaletasunari heltzen dio. "Afizio guztiak izaten dira garestiak? Zein da afizio merkea?", galdetu du. Ganaduari jaten emateko garaian laguntzaile gazteak ere inguruan ibiltzen ditu Uriak.

Laguntzaile gazteak

Enaitz Gonzalez Egurrola, Julen Ruiz Sudupe Pio eta Xanet Uria (Josu Uriaren semea) azkoitiar gazteak Berrosuetako zezenei eta behiei jaten ematen. Hirurak dira zezenzaleak, eta gustura ibiltzen dira haiek zaintzen eta ganajatekoa ematen.

24 abelburu

11 abelburu kendu berri ditu Uriak, eta 24 buru dauzka gaur egun; denak lau urtetik beherakoak. "Hamazazpi urte neurekin egondako behi bat eraman nuen azkena hiltegira, baita beste zezen beltz bat ere. Beti ematen du pena kendu beharrak, baina zer egingo dut bada? Lekua izango banu, ez nuke abelbururik kenduko, baina orain negua dator, eta ez daukat haiek edukitzeko tokirik", adierazi du ganaduzaleak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide