Juan Luis Zabala: "Euskara nahi gabe ere bihurtu da nire bizilekua"

Andoni Elduaien 2021ko aza. 7a, 11:00
Juan Luis Zabala. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Ia 40 urte dira berak idatzitako ipuin batekin literatur sari bat irabazi zuela. Ordutik, hainbat liburu kaleratu ditu azkoitiarrak. Urte askoan kazetaritza izan du lanbidea, eta egun, itzultzaile ari da. Idatzi eta lan euskaraz egin ditu.

X esteronekoa da Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963), Iru Arten bizitakoa eta hazitakoa. Bizitza erdia baino gehiago darama Azkoititik kanpo bizitzen. Jaioterrira etortzen denetan, ahal duenean, ohitura du Urrategira bizikletan joateko. "Txikitan etxe ondoan neukan errepide hori, eta askotan igotzen nuen. Orain ere, Azkoitira etorritakoan, askotan egiten dut. Urrategiri badiot halako atxikimendu bat; gustatzen zait izena, gustatzen zait lekua". Aizpurutxo eta Agineta ere gogoko ditu: "Aizpurutxon Erdiko Benta izan zuten gurasoek, eta han bizi ziren".

Ia lau hamarkada dira ipuin batekin literatur sari bat irabazi zuela. Sari hari esker idazle gisa "armairutik atera" zela dio Zabalak, idatzi egiten zuela esateko lotsa galdu baitzuen. Ordutik, hainbat sari jaso ditu, baita hainbat liburu kaleratu ere. Urte askoan jardun du kazetari lanetan: sorreratik Euskaldunon Egunkarian, gero Eguneron, eta jardun hori utzi aurretik, Berrian; beti, Kultura sailetan. Egun, itzultzaile lanetan ari da, bere kasa. Kazetari baino idazle sentitzen da azkoitiarra.

36 urte dira lehenengo liburua kaleratu zenuela, Zigarrokin ziztrin baten azken keak. 1984ko Azkue saria jaso zenuen lan horri esker, eta 1985ean argitaratu zuten. Nola oroitzen duzu?

Beno, lehenago Tene Mujika saria irabazi nuen ipuin batekin, eta lan hura liburu kolektibo batean argitaratu zen; Iñigo Aranbarrik ere bazuen ipuin bat liburu horretan. Sari horrekin armairutik irten nintzen. Ordura arte, lotsa ematen zidan idatzi egiten nuela esateak, eta sari hura irabazita, idatzi egiten nuela esan nien etxekoei eta lagunei. Gero, nobela bat izan zen ipuin haren jarraipena, eta harekin irabazi nuen Azkue saria; sari potoloa. Ordutik aurrera, lanak argitaratzeko erraztasunak izan ditut; zorte hori eduki dut.

Zeure kasa hasi al zinen idazten?

Bai. Akordatzen naizenez, orduko OHOko 7. eta 8. mailan Senda izeneko liburu batzuekin ikasten genuen literatura; Iñaki Aldekoa, Miguel Delibes, Selma Lagerlöf, Quevedo, Pio Baroja eta beste askoren ipuinak, poemak eta nobela zatiak izaten ziren. Oso gustuko nituen, ikusten nuelako hor bazela beste mundu bat, igoal, nire inguruan ez neukana, eta hala hasi nintzen zaletzen. Horrez gain, uste dut inportantea izan zela gure etxean periodikoa jaso izana; izan ere, orduan, gure inguruko etxe askotan ez zen jasotzen. Ni oso txikia nintzenean, La Voz de España jasotzen zuten etxean, eta gero, El Diario Vasco. Aita zenak nahi izaten zuen eduki, eta amak ere irakurtzen zuen. Liburu asko ez zeuden gure etxean, baina periodikoa bai. Uste dut horrek ere asko lagundu zidala irakurzaletasuna pizten. Liburuekiko edota literaturarekiko zaletasuna eskolan hartu nuen gerora, baina orduan, gaztelaniaz ikasten genuen dena. Gero, zer karrera egin ikasi erabaki behar izan nuen, eta duda eduki nuen Filologia Hispanikoaren eta Euskal Filologiaren artean. Literaturatik gertuen zegoen karrera zelako ikasi nahi nuen filologia, baina berdin zitzaidan bata ala bestea, bi hizkuntzak bainekizkien; seguru asko, gaztelaniaz euskaraz baino hobeto alfabetatuta nengoen, baina ez zitzaidan inporta zer hizkuntza aukeratu, ez zen kontu ideologikoa niretzat. Dena den, iruditu zitzaidan lanpostua bilatzeko euskarak gehiago balioko zidala; izan ere, garai hartan, Franco hil eta gero, euskalduntzea eta alfabetatzea oso indartuta zeuden, eta ematen zuen etorkizuna euskarazkoa izango zela. Orain, horri erreparatuta, nahiko oker nengoen, baina ez naiz damutzen Euskal Filologia hautatu izanaz. Euskal Filologia ikasitakoan hasi nintzen euskaraz idazten.

Ordutik euskaraz bakarrik idatzi al duzu?

Bai, artikulu bat edo beste kenduta, euskaraz idatzi dut. Euskal Filologia ikasten hasi baino lehen ez nengoen euskaraz alfabetatuta. BUPeko [BBB] hirugarren mailara arte ez nuen euskara eskolarik izan. Maila hartan, euskara ikasgaia Mikel Goikoetxearekin izan genuen. Ordura arte, euskaraz ez nuen ez irakurri, ez idatzi, ez ezer, eta unibertsitatean hasi nintzen horretan.

Hamaika liburu kaleratu dituzu, literatura genero desberdinak landuz: narratiba, biografia, poesia, gazte literatura, itzulpena, komikia... Zer falta zaizu?

Falta? Gidoiak idaztea gustatuko litzaidake, baina hori norberaren esku ez dago askotan. Ez zait egokitu gidoiak idaztea, eta gehiegi ere ez dut bilatu. Bestela, momentuan momentuko generoan idatzi dut, nahi nuenaren arabera. Beharbada, neureena-edo nobela sentitzen dut, baina nobela idaztea ez da erraza horretarako liberatuta ez bazaude. Agian, denbora libre gehiago izanda, nobela gehiago idatziko nituzkeen, baina genero bakoitzak dauka bere aberastasuna eta bere ekarpena.

Liburu gutxi batzuk enkarguz egin dituzu, beste denak zeure kabuz.

Maltzetaren [Maltzeta, soinu bete bihotz] eta Jexux Artzeren [Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila] biografiak izan dira enkarguzkoak, baita Euskaltzaindiaren historiaren [Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna] komiki liburua ere. Baina beste guztiak neuk sortutakoak dira, eta asko bizi izandakoaren araberako lanak dira. Adibidez, Galdu arte Gaztetxearen esperientzian oinarrituta dago, eta Gora Euzkadi eta Txistu eta biok liburuak kazetari moduan bizi izandakoan; heldutasuna deitzen diogun fase horretara sartzeak dakartzan gorabeherekin eta horrelako kontuekin egindakoak dira. Azkenean, bizitzak berak eramaten zaitu idazten duzuna idaztera.

Teknologiak urte hauetan guztietan izan duen aldaketa izugarria izan da. Horrek idazterakoan eragin al dizu?

Nik ez dut nabaritu. Noski, gogoratzen naiz idazten hasi nintzenean ez zegoela oraindik ordenagailurik, eta gero hasi ziren lehenengo Tipexak –huts egiteko aukera txiki bat ematen zuen horrek–. Ondoren etorri zen idazteko makina elektrikoa, eta harekin ezabatzeko eta idatzitakoa berriz moldatzeko aukera handiagoa zegoen. Eta gero etorri ziren ordenagailuak. Erraztasunak izateaz aparte, orain errazago idazten da, beharbada; denbora gutxiago behar da idazteko, argitaratzea ere erraztu egin da, eta horrek ekarri du liburuek pisua galtzea nolabait. Lehen, liburu bat argitaratzea askoz lan zailagoa zen bai idazlearentzat, bai argitaletxearentzat, eta orduan liburuak ere balio handiagoa zeukan. Egun arindu egin da hori, eta orain "liburu bat argitaratu dut" esatea ez da lehen esatea bezala. Orain dela 34 urte "liburu bat argitaratu dut esatea" gauza harrigarria zen, edo ez zen edozeinek egiteko gauza bat; ez dut esango gaur egun edozeinek egiten duenik, baina erraztasun askoz handiagoak daude. Ez dakit idaztea bera edo idazten dena bera zenbaiteraino aldatu den. Garai batean, Anjel Lertxundik-eta esaten zuten idazteko modu horrek idazten dena ere aldatuko zuela. Nik ez dut nabaritzen, baina egongo dira azterketak.

 

"Euskal filologia ikasten hasi baino lehen ez nengoen euskaraz alfabetatuta"

 

Euskarazko literaturaren ekoizpena igo egin da. Euskal literaturan zer aurrerapauso eman direla esango zenuke, eman baldin badira?

Saizarbitoriak beti esaten du, euskarazko nobelak behar zirelako egin zela bera idazle. Aurrerapauso handiak eman dira, eta irabazi da, batez ere, aukeran, dibertsitatean. Orain, garai batean lantzen ez ziren generoak lantzen dira normaltasun osoz. Gainera, idazle on asko sortu dira eta sortzen dira, eta garai batean ez zegoen nolabaiteko jarraipen bat eta ziurtasun bat sortu da. Gu idazten hasi ginenean, nolabait, gu baino zaharragoek-eta gazteok mimatzen gintuzten, bazegoelako halako zalantza bat euskal literaturaren etorkizunarekiko; mimatzeko behar bat sumatzen zen. Gaur egun, gaindituta dago hori: idazleak sortzen dira, eta ez dago zalantzarik. Beti bezala, baina, arazoa da horien lana zenbateraino zabaltzen den, zenbateraino kontsumitzen edo irakurtzen den. Horretan ere aurrera egin da; izan ere, orain, irakurle klubak daude, lehen baino irakurle gehiago dago. Baina oraindik ere, argitaratzen den guztia kontuan hartuta, irakurleak ez dira idazleok nahiko genukeen kopurura iristen, eta oihartzuna ere ez da oso handia. Alde txar bat ere bada: liburuak orain lehenago ahanzten dira. Orain dela 30 urte euskal literaturaren mundua txikiagoa zen, eta liburuek gehiago irauten zuten, presentzia gehiago zuten mundu horren barruan. Orain, mundu hori handitu egin da, baina liburuak ere askoz gehiago dira eta berehala ahanzten dira. Azken finean, hori aldaketa on baten ondorioa da; ontzat jo beharko dugu.

Hainbat literatura sari jaso dituzu. Zertarako balio dute literatura sariek?

Lehenengo sariak armairutik irteteko eta idazten nuena erakuts nezakeela sinesteko balio izan zidan. Literatura sariek lotsa gainditzeko, idaztera animatzeko nahiz literaturaren munduan sartzeko balio dezakete. Jakin egin behar da, baita ere, irabazten ez denean erlatibizatzen eta hori ondo eramaten. Denoi gertatu zaigu lan bat aurkeztea, eta itxaropen handiena zeneukanean, saririk gabe gelditzea. Kasu batzuetan, berriz, dirua da sariek ematen dutena. Esaterako, Txistu eta biok-en kasuan, agian, ez neukan sari baten beharrik konfiantza hartzeko edo oihartzuna izateko, baina kasu hartan ekonomikoki lagundu zidan sariak [2015eko Kutxa Irun Hiria Eleberri saria eta 2017an Zilarrezko Euskadi Saria]. Literatura sariak laguntzak dira. Askotan, baina, zalantzan jartzen da hori ote den literaturari eta idazleoi laguntzeko modurik egokiena, eta hori eztabaidagarria da. Seguru asko, gaur egun dauden sari asko birmoldatu egin beharko lirateke, baina nire kasuan, zalantzarik gabe, laguntza handia izan dira momentu batzuetan.

Kazetaritzan egin duzu lan urte askoan. Idazlea edo kazetaria izan zara lehenago?

Ni idazle sentitzen naiz kazetari baino gehiago. Neuk nahi nuena idatzita soldata ateratzea edo bizitzea ezinezkoa izango zela pentsatuta egin nintzen kazetari. Neurri handi batean, kasualitatez. Euskaldunon Egunkariaren sorrerako jendea kasualitatez ezagutu nuen 1990ko udako topaketa batean, eta ondorioz, kazetariak prestatzeko ikastaro batetara joan nintzen. Ia-ia pentsatu gabe sartu nintzen Egunkarian, eta gero, ja, itxi zutenera arte jardun nuen han lanean. Kazetaritzaren alderdi asko oso interesgarriak iruditzen zaizkit, baina ni kazetari baino gehiago idazle sentitu izan naiz. Nire benetako afizioa literatura da.

 

"Agian, denbora libre gehiago izanda, nobela gehiago idatziko nituzkeen"

 

Sorreratik, 1990eko abendutik, itxi zutenera arte Euskaldunon Egunkarian aritu zinen. Segidan, Eguneron, eta kazetaritza utzi arte, Berrian. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Egunkariaren oso oroitzapen ona daukat, hasiera- eta gogorra izan bazen ere. Hasiera nahiko urduria izan zen: lehenengo egunetan, oso larri ibiltzen ginen egunkariaren itxierarekin, hanka sartzeak izaten ziren, baita hutsegite larri samarrak ere. Handik denbora batera, ordea, egoera mendean hartua nuela konturatu nintzen, eta poz handia izan zen hori niretzako. Gainera, Egunkariaren sorrerak onarpen handia izan zuen gure mundutxoan, euskararen mundutxoan. Akordatzen naiz zorionak ematera etorri zela Koldo Izagirre, eta lehenengo zenbakia atera zenean, xanpaina eraman zuela Txillardegik. Poz handia izan zen halako poza ematen zuen proiektu batean lana egiten genuela ikustea. Gero, gainera, niri balio izan zidan euskal kulturaren mundua ezagutzeko, idazleak batez ere, eta alde horretatik oso aberatsa izan zen. Egunkariatik eta gero Berriatik belaunaldi askotako kazetariak pasatu dira, eta oso gustura nago ezagutu ditudan kazetari horiekin izan dudan harremanarekin; hori oso inportantea izan da. Niretzako oso polita izan da jende horrekin lan egitea.

Beti aritu zara Kultura sailean?

Astebete egin nuen Ekonomia sailean, eta beste astebete kiroletan, 1997ko Euskal Herriko Itzulia lantzen, Pello Aiestaranekin. Bi aste horiek kenduta, beste denak Kultura sailean egin ditut.

Kazetari aritu zinen garaian, ez al zenuen tentaziorik izan beste sailen batean lan egiteko?

Ez, ez dut horretarako tentaziorik eduki, eta ez zuten ni beste sail batera bideratzeko tentaziorik izan. Aldaketen aurrean nahiko marmartia nintzen, eta beste sail batera joanez gero, segituan hasten nintzen marmarrean. Nahiko marmar egiten nuen kulturako gaiekin, nahiko kritikoa nintzen heltzen zitzaizkigun gaiekin... Politika sailean edo egon izan banintz ja... Hasieratik, kulturan ikusi ninduten arduradunek eta neuk ere han ikusi dut neure burua.

Euskal Filologia ikasi zenuen. Zer da euskara zuretzako?

Unibertsitateko ikasketak egiten hasi arte, ez nintzen inoiz euskaltzale sentitu. Gainera, batzuetan, kontra egiteagatik bazen ere, tentatzen ninduten euskararen aurkako adierazpen batzuek. Ez nintzen haien alde jartzen, baina batzuetan ulertzen nituen euskararen kontrako adierazpenak eta. Ez neukan batere kontzientziarik. Euskaraz hazi nintzen, eta euskaraz hitz egiten nuen lagun gehienekin, baina gure belaunaldiko kideok-eta –1963an jaioa naiz ni– erdaraz hitz egiten hasi ginen, eskolaren eraginez, erdaldunen eraginez, giroaren eraginez... Gure aurreko belaunaldietako euskaldunek euskaraz egiten zuten Azkoitian, baina gurea euskaldunen artean erdaraz egiten hasi zen. Ikastolako ikasleek euskaraz egiten zuten, eta gu horrekin salbatu ginen; gazteagoei esker eutsi genion euskarari. Euskaltzaletasuna filologia egiten hasi nintzenean sortu zitzaidan niri. Ondoren, Donostian konturatu nintzen Euskal Herrian euskara nola zegoen benetan; han euskara ez zen Azkoitian bezala, bizirik eta leku guztietan zegoen hizkuntza bat. Orduan hasi nintzen etxeko hizkuntzarekiko atxikimendua sentitzen. Gainera, Euskal Filologian ezagutu nituen nolabait euskaltzaletasunaren historia, Euskaltzaindiaren sortzaileak –Mitxelena, Txillardegi...– eta euskal idazleen zein euskal literaturaren historia; orduan konturatu nintzen zer lan egin zuten Ikastolaren sortzaileek eta. Orain, Eusko Jaurlaritza sortu aurreko edota euskara ofiziala egin aurreko hamarkadetan lan egin zutenen bidearekin oso lotuta sentitzen naiz, miresmen handia diet. Nolabait, horiek dira euskararen inguruko nire erreferenteak, eta nire mundua da hori, neurri batean. Izan ere, ni euskaraz hazia naiz, filologia ikasi nuenetik ikasketak eta lana euskaraz egin ditut, euskaldunez inguratuta bizi naiz, eta, seguru asko, euskaraz horrela eta ia-ia erdararik gabe bizi den jende gutxi egongo da gizartean. Nahi gabe ere, euskara nire bizilekua bihurtu da, nire ingurua, eta batzuetan, kezka ere ematen dit hain euskaltzalea izateak, dena ikuspegi horretatik ikustea ere ez da-eta ona. Batzuetan, igoal, kezkatu ere egiten nau ez ote naizen, komatxoen artean esanda, euskararen taliban bat.

 

"Euskararen presentzia azalean gora egiten ari da, baina sakonean behera"

 

Ez al zaizu iruditzen euskararen aldeko militantzi hori gastatu egin dela?

Gaur egun eskola nahiko euskaldundua da, badago euskarazko telebista, badago euskarazko egunkaria, eta igoal, gazteek ez dute ikusten edo gazteak ez dira jabetzen hori nola lortu den, zer bide egin duen euskarak egoera okerrago batetik horretara iristeko. Gainera, gazteak beti du errebelatzeko edo kontra egiteko nolabaiteko joera. Baina euskaraz ikasi badu, Euskal Telebista beti hor izan badu, gure gaztaroan ez ziren leihoak izan baditu beti... Gaurko gazteek, igoal, ez dute ikusten euskara benetan zer egoera larrian dagoen. Iruditzen zait euskararen presentzia azalean gora egiten ari dela, baina sakonean behera. Bai presentzia errealean, bai kalitatean asko ari da galtzen: adierazkortasunean, bizitasunean asko ari da galtzen, eta azalean ari da gelditzen. Azalean badu presentzia, eta horrek pentsarazten du salbatuta eta ondo dagoela, baina sakonean, ez dut esango ustelduta, baina gaixotzen hasita dago; igoal, gehiegizko hitzak dira baina... Gainera, konturatzen naiz euskara kultoak, alfabetatuak, oso presentzia gutxi duela gizartean. Herri euskaldunetan presentzia handiagoa du euskarak erderak baino, baina kultur kontsumoan edo erabilera alfabetatuan ez dago ohiturarik, eta gainera, neurri handi batean, kezkatu egiten nauen euskara alfabetatuaren edo jantziaren kontrako joera bat dago. Nik ulertzen dut azkoitiarrek oso maite dutela Azkoittiko euskerie, eta nik ere bai, baina badago halako lotsa edo kontrako zerbait euskara kultoarekiko edo alfabetatuarekiko. Ondo iruditzen zait hemen azkoitiarrez hitz egitea, ondo irudituko litzaidake zenbait tokitan idaztea ere. Iruditzen zait, baina, askotan bat euskalduna sentitzen dela lagunartean eta familian euskaraz hitz egitearekin, baina gero pelikulak eta serieak ikusteko, irakurtzeko, maila batetik gorako adierazpenetarako... erdara duela nagusi. Euskara hor ari da pixka bat bere lekua galtzen.

Orain, itzulpengitza duzu lanbide.

Bai, horretan ari naiz modu autonomoan, eta oraingoz, lana iristen zait. Nahiko erosoa egiten zait etxetik lana egitea, eta alde horretatik, gustura nago. Denetik itzultzea egokitzen zait; testu batzuk interesgarriak dira eta beste batzuk ez. Baina lanbidea da, eta gustura nago.

Proiektu berririk ba al duzu esku artean?

Orain dela urte eta erdi bukatutzat eman nuen aurreko bospasei urteetan idatzitako poemekin osatutako liburu bat. Nahiz eta poema desberdinak izan, elkarrekin joateko modukoak zirela iruditu zitzaidan, bazutelako halako sustrai komun bat edo. Susa argitaletxera bidali nuen lana, eta datorren urtean argitaratuko zutela esan zidaten. Mina hartzeko ere du izenburua. Hori gurasoek esaten ziguten zerbait arriskutsua egiten ari ginela ikusitakoan: "Ez egin hori, mina hartzeko ere". Liburu horretako poemetan asko lantzen ditut itzulpen literariorik gabeko esaldiak. Uste dut horrelako esaerak galtzen ari direla, eta nik badiet horrelako atxikimendu bat. Amak esaten zidan beste bat hau da: "Itto behar parrez". Orain, "deskojonatu" edo "lehertu" esango genukeen. Iruditzen zait poesiaren indar bat hizkuntza dela, eta euskal poesian ez dut ikusten horretarako joera handirik, eta alde horretatik, liburu horrek egin dezake bere ekarpentxoa. Ni gustura gelditu naiz egindako lanarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide