Aldundiaren 'Etorkizuna eraikiz' kapsula plazan egongo da egun osoan zehar

Andoni Elduaien 2021ko urr. 7a, 13:11
Eider Mendoza, Javier Zubizarreta eta Ana Azkoitia. (Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia)

'Etorkizuna Eraikiz' kapsula herriko plaza nagusian bisitatu ahal izango da egun osoan zehar. Herritarrek etorkizunera begira Gipuzkoarako dituzten ekarpenak egin ditzakete bertan, hala nola beren kezkak, gogoetak eta 2040. urtean lurraldea nola irudikatzen duten azaltzeko.

Gaur, osteguna, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Etorkizuna Eraikiz' kapsula Azkoitira iritsi da, azkoitiarrek lurraldearen etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz. Herriko plaza nagusian jarri du gunea Aldundiak, eta han egongo da egun guztian zehar. "Elkarlan baten bidez, Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean diseinatu behar dugu; guztiok amesten dugun lurraldea eraiki behar dugu, eta horregatik sustatzen dugu dinamika parte hartzaile hau, kapsula hainbat herrietara eramanez", azpimarratu du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak.

Mendoza Azkoitian izan da Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearekin batera. Foru arduradunak azaldu duenez, "herritarren parte hartzeari esker", gobernuak eta politika publikoak "indartu" egiten dira; gainera, "interes sozialak agenda publikoan txertatzeko aukera" ematen duela nabarmendu du hark. Ekimen parte-hartzailearen helburua da herritarrengana hurbiltzea, haiek dituzten hausnarketak, kezkak eta ekarpenak jasotzeko. "Elkarlaneko gobernantza sustatuz, eta Aldundiak bultzatutako Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei herritarrekin batera erantzuten saiatzen gara".

Azkoitiarrek garrantzia zeri ematen dioten jakiteko, Mendozak azaldu du "lagungarria" zaiola Aldundiari ekimena, herritarren kezkak eta gogoetak azaltzeaz gain, haiek Gipuzkoa 2040. urtean nola irudikatzen duten adierazten dutelako. Herritar guztiei zuzendutako proiektua da 'Etorkizuna Eraikiz' kapsula, eta dinamikaren helburua da herritarrak gogoeta egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera bultzatzea.

Zubizarreta alkateak azaldu du, bestalde, iragana ez dugula berreskuratuko, baina "ikasteko eta gogoratzeko" balio duela. "Momentua bizitzeko da oraina, baina baita etorkizuneko oinarriak eta baloreak eraikitzeko ere. Etorkizuna da, zalantzarik gabe, herritarron kezka nagusia. Zer bizimodu izango dute seme-alabek? Lanik izango al dute? Zer gertatuko zait zahartzaroan? Zer nolako herria utziko diegu? Antzerako kezkak ditugu, eta beharrezkoa da guztion artean buruan dugun etorkizunari heltzea, guztiok baitugu hor zeresana eta zeregina".

Kapsularen bigarren fasea amaitu ondoren, jasotako ekarpen guztiak aztertu eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko ditu Aldundiak. Asmoa da Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzutea, hainbat ekimenenekin, hala nola erreferentziazko zentroen, proiektu esperimentalen eta aurrekontu irekien bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide