Karatearen plaza bilakatuko da asteburuan Azkoitia

Andoni Elduaien 2021ko urr. 13a, 15:49
Gaur aurkeztu dute asteburuan Azkoitian jokatuko den karate jardunaldia. (Urtzi Oteiza)

650 karateka elkartuko dira asteburuan Azkoitian, Espainiako Karate Ligaren bigarren jardunaldia jokatzeko. Azkoitiko Anaitasuna Kanku karate klubeko sei kidek ere parte hartuko dute jardunaldian, hain zuzen, Manex Platerok, Kalare Olaizolak, Markel Pirisek, Felix de la Cruzek, Rafael Ibañezek eta Rordigo Ibañezek. Anaitasuna Kankuko Juan Murillo arduraduna pozik agertu da, urte askoan egindako saiakeren ondoren, azkenean lortu dutelako jardunaldia herrira ekartzea. 

Karatearen plaza bilakatuko da Azkoitia asteburuan. Izan ere, Espainiako Karate Liga Nazionalaren bigarren jardunaldia jokatuko dute larunbatean eta igandean, Azkoitian. Guztira, 650 inguru karatekak parte hartuko dute hitzorduan. Gaur egin dute jardunaldiaren aurkezpena Elkargunean, eta bertan izan dira Anaitasuna Kanku Karate klubeko Juan Murillo, Maialen Eskisabel karateka azkoitiarra, Euskal Herriko Karate Federazioko lehendakari Jose Manuel Colas eta Azkoitiko Udaleko kiroletako teknikari Jesus Arrizabalaga.

Anaitasuna Kanku karate klubeko Juan Murillok hasieran Azkoitian 500 parte hartzaile elkartuko zirela aurreikusten bazuen ere, azkenean 650 kirolari inguruk eman dute lehiarako izena. Murillo pozik agertu da, urte askoan egindako saiakeren ondoren, azkenean lortu dutelako jardunaldia herrira ekartzea. Horren harira, udalaren eta federazioaren laguntza eta ekarpena eskertu du gaurko agerraldian: "Eskerrak eman nahiko genizkioke Azkoitiko Udalari gure eskolari egindako aitortzagatik eta karate jardunaldiak izan duen harreragatik. Udalak eta Euskal Federazioak nahiz Espainiako Federazioak emandako babesa eskertu nahiko nuke. Guretzat oso garrantzitsua da asteburuan gertatuko dena, eta espero dugu jardunaldiek eragin positiboa izango duela herriko esparru sozialean, kulturalean eta gastronomikoan". Era berean, urteetan egindako lanari egin dio erreferentzia Murillok: "Jaso dugun erantzuna paregabea izan da, sekulako parte hartzea izango baita. Azken finean, urteetan klubak egin duen lanari egindako aitortza da guretzat. Jendeak ezagutzen gaituen seinalea da hori, eta, aldi berean, ona izango da herriarentzat". 

Euskal Herriko Karate Federazioko lehendakari Jose Manuel Colasek Azkoitiko udalak nahiz herriko karate klubak emandako laguntza eskertu du: "sorpresa ona izan da".

Espainiako Karate Liga lau jardunalditan dago banatuta, eta horietako bat da Azkoitian jokatuko dutena. Hain zuzen ere, bigarren faseari dagokion saioa jokatuko dute kadete eta senior mailetako nahiz parakarateko karatekek. Larunbatean, 09:00etan hasiko da lehia, eta egun osoan zehar jokatuko dituzte karate borrokaldiak. Lehen egun horretan, gizonezkoak izango dira protagonista tatamien gainean. Igandean, berriz, Iberdrola Ligako emakumeek parte hartuko dute, eta eguerdi aldera arte luzatuko da lehia. Gaurko agerraldian aurreratu dutenez, larunbateko senior Senior mailako finalak 18:15ean hasiko dira. Igandean emakumeen txanda iritsiko da. Jardunaldia 8:30ean hasiko da, eta finalak 16:15ean izango dira.

Colasen arabera, parte-hartzea "arrakastatsua" izango da: "650 parte-hartzaile izango dira Azkoitian; horrek esan nahi du 1.000 lagun inguru hurbilduko direla eskualdera. Espero dugu guztion artean Euskal Herria eta Azkoitia leku onean uztea".

Anaitasuna Kanku karate klubeko zenbait ordezkari ere Elkargunean izango dira asteburuan. Hain zuzen ere, Manex Platerok, Kalare Olaizolak, Markel Pirisek, Felix de la Cruzek, Rafael Ibañezek eta Rordigo Ibañezek parte hartuko dute asteburuko jardunaldian. 

"Lan handia" atzean

Espainiako Karate Ligako jardunaldia Azkoitira ekartzeko "lan handia" egin du herriko Anaitasuna Kanku karate taldeak, baita Murillo klubeko arduradunak ere. Euskadiko Karate Federazioko Gradu Saileko egungo zuzendaria da Murillo, baita Espainiako Karate Federazioko teknikaria ere. Hark dioenaren arabera, "urte askoan" klubak egin dituen saiakeren ondorioz lortu dute jardunaldia herrira ekartzea. "Apustu handia egin dugu jardunaldia Azkoitian egin ahal izateko. Udalean proposamena egin genuen Euskadiko Karate Federazioko presidenteak eta biok, eta babestu egin du egitasmoa udalak". 

Aldi berean, asteburuan Azkoitian egingo duten gisako jardunaldiak antolatzea "lan zaila" dela aitortu du Murillok. Espainiako eta Euskadiko Karate Federazioen "aintzatespena" jaso du Anaitasuna Kanku karate klubak haren aburuz, urteetan zehar egindako "lan ona" eta beren "profesionaltasuna" aitortuz.

Aitzitik, Murillok azaldu du askok egin izan dutela karate jardunaldia beren herri eta hirietan antolatzeko eskaria; horien artean azkenak, esaterako, Donostia eta Bilbo. Horrelako jardunaldiek ekonomia "asko" mugitzen dutela dio Kankuko arduradunak. "Azkoitian eta inguruan ez dugu azpiegitura handirik eta pena da, baina inguruko herriak, hala nola Elgoibar, Eibar, Zumaia edota Zarautz, onuradunak izango dira. Alde horretatik ere pozik nago". 

Ekitaldia behar bezala atera dadin, karate klubekoak buru-belarri ari dira lanean, asteburuko jardunaldiaren prestaketan eta antolakuntzan murgilduta. Halere, hilaren 15era arte ez dituzte tatamiak Elkarguneko kantxan jarriko; izan ere, 100 metro koadroko lau tatami jarriko dituzte zoruan. Asteburuan, beraz, kata, kumite eta parakarate modalitatetako lehiaketetan aritzen diren kirolari onenak ikusi ahal izango dira Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide