Azken hiru egunetan kasu positibo bat baieztatu du Osasun Sailak herrian

Andoni Elduaien 2021ko urr. 4a, 12:33

Azkoitiko intzidentzia tasak gora egin du puntu batzuk ostiralaz geroztik, eta, hori horrela, herriak eremu horian jarraituko du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 63,28raino jaitsi da, eta eremu berdean sartzear dira hiru lurraldeak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Azkoitian kasu positibo bat hauteman dute ostiraletik atzora, igandea, bitartean egindako PCR eta antigeno probetan. Gainera, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa igo egin du herrian atzemandako kasu positiboak. Ostiralean 83,45ekoa zen tasa Azkoitian, eta gaur-gaurkoz 91,80an dago; eremu horian jarraituko du, beraz, herriak.

Eskualdean ere kasu positiboek kopuru baxuetan jarraitzen dute. Azkoitiko kasuaz gain, beste sei positibo hauteman ditu Osasun Sailak Urola Kostan. Aian, Azpeitian eta Zarautzen bina kasu positibo detektatu dituzte azken hiru egunetan. Aian larunbatean zenbatu zituzten bi kasuak, eta intzidentzia tasa 554,16koa da egun, ostiralean baino 51 puntu altuagoa. Azpeitian ostiralean bi kasu zenbatu arren, behera egin du tasak, eta 151,12koa da egun tasa han –170,83koa zen ostiralean–. Zarautzen, ostiralean eta larunbatean positibo bana atzeman zuen Osasun Sailak. Han ere intzidentzia tasak behera egin du, eta eremu berdera igarotzetik gertu gelditu da herria; gaur-gaurkoz 68,53koa da tasa –ostiralean 85,66koa zen–.

Gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman, eta ondorioz, intzidentzia tasa jaitsi egin da herri gehienetan. Beherakada nabarmen nabaritu dute Zumaian; izan ere, eremu berdean sartu da. Ostiralean, eremu berdera igarotzetik muga-mugan gelditu zen Zumaia, baina, egun 30,53ko intzidentzia tasa dute han. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zeroan dute intzidentzia tasa, 35,34an Getarian, 32,62an Orion eta 77,04an Zestoan.

Positibo gehien, Gipuzkoan

Atzo, igandea, 84 kasu positibo atzeman zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 3.602 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, positibotasun tasa %1,9koa izan zen. Araban, sei kasu poisitibo zenbatu zituzten, 21 Bizkaian, 37 Gipuzkoan, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean. Nafarroan, aldiz, hamasei kasu positibo detektatu zituzten atzo.

Hego Euskal Herriko ospitaleek egonkor jarraitzen dute. Osakidetzaren mendeko erietxeetan, esaterako, behera egin du ospitaleratuen kopuruak ostiraletik, baina ZIUetan bi lagun gehiago daude. Egun, 57 daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 39 ZIUn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 63,28ko da gaur-gaurkoz, eta beraz, oso gertu dute hiru lurraldeek eremu berdera jauzi egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide