Azkoitia-Azpeitia ISBk etxeko lehena, etxerako

Nerea Uranga 2021ko urr. 3a, 16:37

Liga berriko etxeko aurreneko partidan ez du hutsik egin Azkoitia-Azpeitia ISBk, eta mendean hartu du Al-Qazeres Extremadura taldea. Espainiako emakumeen Challenge ligako bigarren jardunaldia jokatu dute gaur goizean Azkoitiko Zubiaurre kiroldegian.

Espainiako emakumeen Challenge ligako bigarren jardunaldia jokatu du Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak Extremadurako Al-Qazeres taldearen kontra. 11:00etan hasi da neurketa Azkoitiko Zubiaurre kiroldegian. Pandemia tarteko, aspaldian etxeko harmailetan ez dute zaleturik izan, baina gaurkoan haien berotasuna jasotzeko aukera izan dute Iraurgiko neskek.

Liga berriko etxeko lehen partida jokatu dute, baita lehen garaipena lortu ere; 58 eta 50 irabaziz Extremadurako taldeari. Gorabeheratsu ibili da Andoni Lazkanok gidatzen duen Iraurgiko nesken lehen taldea. Aurreneko zatia 17 eta 12 irabazten bukatu dute Azkoitia-Azpeitia ISBkoek. Atsedenera, ordea, markagailuan atzetik zirela iritsi dira, 25 eta 31. Hirugarren zatia bost puntu gutxiagorekin bukatu dute, baina azkenengo zatian aurrera egin, eta zortzi puntuko aldea aterata irabazi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide