Positibotasun tasak behera egiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 2a, 13:03

Hego Euskal Herrian denera 92 positibo atzeman zituzten atzo egindako probetan, eta positibotasuna %1,3koa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, COVID-19aren 4.855 test diagnostiko egin zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.632, berriz, Nafarroan. Guztira, 92 izan ziren positiboak atzo Hego Euskal Herrian –Nafarroan positibotasuna %1,7koa da, eta %1,3koa beste hiru lurraldeetan–.

Herrialdeen arabera, zazpi positibo zenbatu zituzten atzo Araban, 31 Bizkaian, 25 Gipuzkoan, 28 Nafarroan, eta bat beste erkidego batzuetakoen artean.

Azken datu hauek joan den igandean plazaratutakoekin alderatzen badira, kasu kopuruak nahiz positibotasunak nabarmen egin dute behera, orduan Gipuzkoan 37 positibo atzeman baitzituzten, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasuna %2,5ean kokatuta baitzegoen.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 21 pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzaren eta Osasunbidearen menpeko erietxeetan, eta COVID-19a duten 44 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan, horietatik 36 Osakidetzaren eremuko ospitaleetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide