2022an udal tasa eta zerga gehienak bere horretan uzteko lehen urratsa egin du Azkoitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 30a, 18:19

Elkarguneko tarifak ere bere horretan mantentzea hitzartu dute. Horrez gain, 1.240.000 euroko mailegu bat eskatzea onartu dute udalak aurreikusten dituen inbertsio nagusiak gauzatu ahal izateko, besteak beste, Floreagako irisgarritasunaren hobekuntza egiteko eta igerilekua handitzeko.

Azkoitiko Udalak datorren urteko udal zergei eta tasei hasierako onespena eman zien atzo, iraileko udalbatzarrarean. Udal Gobernuak ordenantza fiskalak bere horretan uzteko eta Industriako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %0,6 igotzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, eta EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko bozkekin onartu zuten. EH Bildu abstenitu egin zen eta Azkoitia Bai-k kontra bozkatu zuen. Proposamena erakusketa publikoan egongo da erreklamazioak edo ekarpenak aurkeztu ahal izateko.

EH Bildu ados zegoen tasak eta zergak bere horretan uztearekin, baina abstenitzea erabaki zuen,  berak egindako beste proposamen bat ez zutelako kontuan hartu. "Urteak daramatzagu etxe hutsei Oondasun Higiezinen gaineko Zergan gehigarria ezartzeko eskatzen", baina beren proposamena aintzat hartu ez zutenez, ordenantzari buruzko bozketan abstentzioaren aldeko hautua zutela adierazi du Iraitz Otaño koalizioaren izenean. 

Azkoitia Bai herri plataformak, berriz, proposamenaren kontra bozkatu zuen, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga inguruko herrien batez bestekoaren parera jaistea defendatuta. "Azken urteetan, batez bestekotik gora kobratzearen alde zaudete beste denok", esan zien Joxe Joakin Etxaniz plataformako kideak gainontzeko zinegotziei. "Azken bost bat urteetan gehiago ordaintzen ari garen zerga hau jaisteren alde egiten dugu aurten ere, herritar guztioi ukitzen digun zerga delako eta urte askoan mantendu den irizpenarekin jarraitzea nahi dugulako, hau da, beste inguruko hogei herrien batez bestekoan mantentzea". 

Bozkatutako beste puntu bat Elkargunean eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez tributarioko ondare prestazioa arautzen duen ordenantza izan zen, orain arte, Elkarguneko tarifak bezala ezagutzen zena, hain zuzen. Kasu horretan ere, prezioei lehengoan eusteko proposamena egin zuen Udal Gobernuak, eta ordenantza horren hasierako onarpenaren alde bozkatu zuten EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek. Azkoitia Bai abstenitu egin zen. "Jardueretan dauden prezio aldeak" murriztea eta "multikirola jarduera guztietar" zabaltzea defendatu zuten; "guztiek berdin ordainduz gero, bakoitzak aukeratzea zer kirol nahi edo komeni zaion egitea".

Proposamen hori ere erakusketa publikoan egongo da erreklamazioak edo ekarpenak aurkeztu ahal izateko.

Mailegu eskaera

Horiez gain, udalak aurreikusten dituen inbertsio nagusiak gauzatu ahal izateko mailegua eskatzea onartu zuten, besteak beste, Floreagako irisgarritasunaren hobekuntza egiteko eta igerilekua handitzeko.

Kreditua 1.240.000 eurokoa da eta 2021eko aurrekontu orokorretan sartuta dago. Mailegua eskatzeko erabakia iaz hartu zuen udalak pandemia tarteko, udalaz gaindiko erakundeek larrialdiko neurriak hartu zituztenean, tokian tokiko erakundeek euren neurriak hartzeko aukera ahalbidetuz, inbertsio eta zorpetze arloetan.

Eszenatoki hartan, udalak bi kreditu eskatzea aurreikusi zuen. Lehenengoa iaz eskatu zuen, 1.800.000 eurokoa, eta bigarrena orain, banketxeen eskaintzak aztertu eta udal osoaren ohiko bilkuran onartu ostean.

Kreditu eskaeraren aldeko botoa eman zuten EAJ, PSE-EE eta Azkoitia Bai alderdiek. EH Bildu abstenitu egin zen atzo.

EH Bilduko Iraitz Otañoren arabera, "abenduko irizpideari jarraituz, abstenitu egin ginen, herria zorpetu aurretik herriari galdetu egin behar litzaiokeela uste dugulako". Oraindik udala mailegu zaharrak ordaintzen ari dela nabarmendu du, "eta haiek pagatu aurretik beste bi mailegutan sartzera goaz, bata pagatzea bukatzen dugunean bestea pagatzen hasteko baldintzarekin". Horregatik, "iruditzen zaigu beste sistema bat topatu beharko genukeela kreditua aurrera ateratzeko, adibidez, pixkanaka dirua aurrezten joatea eta beste kudeaketa eredu bat". Dena dela, kontra ez zuten bozkatu koliazioko kideek, "diru horri emango zaion erabilerarekin ados gaudelak". Horregatik, abstenitu egin ziren. 

Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiaren hitzetan, "krediturik gabe ez da posible Floreagako proiektuarekin jarraitzea edota igerilekuen handitzearekin pentsatzen jartzea ere. Proiektu horien alde baldin bagaude, aurrera ateratzeko eman beharreko pausoetan ere alde egon beharko genuke denok".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide