Kontzejupeko pilota txapelketa herrikoian izena emateko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2021ko ira. 30a, 13:17
Kontzejupen jokatuko dituzte pilota partida guztiak.

Laster hasiko da XLVII. Kontzejupeko Pilota Txapelketa, eta dagoeneko eman daiteke izena bertan. Benjaminek, kimuek eta infantilek binaka jokatuko dituzte partiduak; kadeteek, aldiz, banaka. Urriaren 8, ostirala, izango da herri txapelketan izena emateko azken eguna. 

Urtebeteko etenaren ondoren, aurten itzuliko da Kontzejupeko pilota txapelketa XLVII. edizioa izango da aurtengoa, eta dagoeneko eman daiteke izena pilota txapelketa herrikoian. Oteiza pilota elkarteak antolatutako txapelketan parte hartu nahi dutenek, urriaren 8, ostirala, baino lehen eman beharko dute izena Gurea pilotalekuan edo 667 50 39 18 telefonora whatsapp mezua bidalita. 

Neska-mutilen partida guztiak Kontzejupen jokatuko dira, pilota goxoarekin; benjamin, kimu eta haur edo infantil mailako partidak binaka jokatuko dituzte, eta kadete mailakoak banaka. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte-hartzaile guztiek galtza txuriak jantzita jokatu beharko dituzte pilota partida guztiak. Norgehiagokak astelehenetik ostegunera jokatuko dira, baina beharrezkoa bada, baita asteburuetan ere.

Ondorengoak izango dira txapelketako kategoriak:

  • Benjaminak, 8-9 urtekoak (2012-2013 urteetan jaiotakoak)
  • Kimuak, 10-11 urtekoak (2010-2011 urteetan jaiotakoak)
  • Infantilak, 12-13 urtekoak (2008-2009 urteetan jaiotakoak)
  • Kadeteak, 14-15 urte artekoak (2006-2007 urte bitartean jaiotakoak)

Txapelketaren antolatzaileek azaldu dutenez, partiduak ez dira atzeratuko arrazoi garrantzitsurik ez bada (gaixotasuna, medikua...).

Xehetasun gehiagoren berri izan nahi duenak, 667 50 39 18 telefonora deitu edo azkoitiotepilota@hotmail.com helbidera idatzi dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide