Osteguna bitartean eskatu ahal izango dira euskara ikasteko dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2021ko ira. 28a, 12:48
Udaletxearen kanpoaldea.

2020-2021 ikasturtean euskara ikasteko edo hobetzeko bekak nahiz UEUren zein EHUren udako ikastaroetarako laguntzak eska daitezke udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Azkoitiko Udalaren webgunean.

Ostegunean amaituko da 2020-2021 ikasturtean euskara ikasteko edo hobetzeko bekak nahiz UEUren zein EHUren udako ikastaroetarako laguntzak eskatzeko epea. Askotariko laguntzak eskaintzen ditu udalak, eta herritarrek horiek eskatzeko aukera dute. Bi modu daude eskaerak egiteko: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan; edo Azkoitiko Udalaren webguneko izapideak online egiteko atalean, txartel digitalaren bidez.

Batetik, euskaltegietan neguan zein udan ikastaroak egin dituzten herritarrei matrikularen kostuaren %75 emango dio udalak, gehienezko laguntza 500 eurokoa izanik. Aldiz, ikastaro trinkoak, autoikaskuntza edo Internet bidezkoak egin dituzten herritarrek, gehienez 600 euroko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute. Barnetegietan izan diren herritarrek, berriz, matrikula, jatordu nahiz egoitza gastuen %70 eskuratu ahal izango dute bueltan; hau da, 1.300 euroko laguntza gehienez.

Bestalde, UEUren eta EHUren udako ikastaroak egin dituzten herritarrek ere jaso ahal izango dituzte hobariak: ikasleek, langabetuek, erretiratuek nahiz pentsiodunek matrikularen zenbatekoaren %75 jaso ahal izango dute, eta %25 lanean ari diren herritarrek. Dena den, udalak zehaztu duenez, dirulaguntza ez da 150 eurotik gorakoa izango.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide