Trikiti doinuekin agurtu dute Landakanda

Andoni Elduaien 2021ko ira. 27a, 20:52

Berotasunez agurtu dute gaur arratsaldean Landakanda. Jende asko batu da pandero jotzailearen aldeko hileta elizkizunean, eta alboan izan ditu belaunaldi desberdinetako trikiti munduko eta euskal kulturgintzako aurpegi ezagun asko.

Azken agur beroa eman diote gaur, astelehena, Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzaile azkoitiarrari. Herenegun, zapatua, hil zen panderoaren erregea, 88 urte zituela, eta gaur, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian agurtu dute azkenekoz. Ia bizitza guztian alboan izan duen musika tresna berarekin eraman du Landakandak, hilkutxaren gainean izan baitu une oro horren maitea izan duen panderoa.

Euskal herritar askok izan du gogoan Ramon Zubizarreta Landakanda. Hain zuzen, egun trikitixaren munduan diharduten dozenaka trikitilarik eta pandero jotzailek lagunduta egin du Landakandak beilatokitik parrokiarako bidea. Hileta-elizkizuna amaitu aurretik, berriz, Landakandari omenalditxo bat egin nahi izan diete eliza barruan. Hasteko, bertsoak abestu dituzte Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria bertsolariek. Bere inguruan ibilitako beste hainbat trikitilarik, berriz, doinu bat eskaini diete elizkizuna amaitu aurretik. Parrokian elkartutako ia 400 lagunek txaloak eskaini dizkiete nola bertsolariei hala trikitilariei. Elizkizunaren ondoren, bestalde, trikitilari guztiek Euskal Herriko biribilketa abestia eskaini diote Landakandari eliz atari aurrean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide