Kasu positiborik gabeko bigarren asteburua

Anartz Izagirre 2021ko ira. 27a, 13:18

Kasu positiborik ez dute atzeman, eta intzidentzia tasak ere behera egin du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasu metatuen tasa ere jaitsi egin da. Egun 89,10ekoa da hiru lurralde horietako zenbatekoa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben herriz herriko datuak, eta Azkoitian ez dute kasu positiborik zenbatu. Hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa jaitsi egin da herrian. 200,28koa zen joan den ostiralean zenbatekoa, eta egun 166,90ekoa da. 

Urola Kosta eskualdean, ostera, hamalau izan dira baieztatutako kasu positiboak –duela astebete hamasei ziren–. Kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte: sei. Zertxobait gora egin du hango kasu metatuen tasak, eta 128,50ean kokatu da; hala eta guztiz, eremu horian jarraitzen du Urola Kostako herririk handienak. Bestalde, Aian hiru kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak apur bat behera egin badu ere, Gipuzkoako tasarik altuenetarikoa dute han oraindik: 1.007,56.

Bestalde, Azpeitian eta Zestoan bina kasu izan dira azken hiru egunetan, eta hurrenez hurren, 177,40 eta 154,08 dira herri horietako tasak; Azpeitian jaitsi egin da kopurua, eta Zestoan zertxobait igo. Horrez gain, Getarian kasu bat zenbatu zuten ostiralean, eta 35,34 da hango tasa.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman azken hiru egunetan, eta honakoak dira herri horietako tasak: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen hutsa, Orion 81,54koa eta Zumaian 71,23koa. Beraz, Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu horian jarraitzen dute, eta horietako batzuek gertu dute eremu berdea.

Ospitaleetan eri gutxiago

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo, guztira, 5.009 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 82 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (18), Nafarroan (17) eta Araban (11). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko hiru pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %1,8 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %2,1 Nafarroan.

Ospitaleetan, berriz, nabarmen hobetu da egoera joan zen astetik. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan 124 gaixo daude gaur-gaurkoz, eta horietatik 41 ZIUetan daude. Nafarroan, berriz, 38 gaixo daude ospitaleratuta, eta hamahiru dira horietatik ZIUetan daudenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide