Presoen eta iheslarien eskubideen defentsan, dozenaka herritar bildu dira plazan

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 25a, 09:00

Iraileko azken ostirala izanik, dozenaka lagunek presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean herriko plazan. Sakabanaketaren ondorioz errepidean hil diren senide eta lagunak izan zituzten gogoan, besteak beste.

Atzo iraileko azken ostirala izanik, hileroko presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten herriko plazan. Dozenaka herritar batu zituen Azkoitiko Sare Herritarrak egindako deiak.

Duela hogei urte errepidean hil ziren Iñaki Saez eta Asier Heriz soraluzetarrak izan zituzten gogoan. "Une egokia da inposizio anker honen ondorioak gogoratzeko", esan zuten. "Haien heriotzak, sakabanaketaren beste hamalau biktimena bezala, saihestu ahal izan ziren, giza eskubideak mendekuaren eta zigor erantsiaren gainetik nagusitu izan balira". Espetxe politikak urte luzeetan zehar eragin dituen hildakoei aitortza ofiziala egiteko unea iritsi dela iritzita, azken sei hamarkadetan hil diren 35 preso eta horien hamasei senide ekarri zituzten gogora. "Haiek ere memoriaren mapan izan beharko lukete lekua".

"Guztiontzako memoria" eskatu zuten plazan bildutakoek. "Eta horrekin batera, guztion giza eskubideak errespetatzea. Ezin dira batzuen giza eskubideak defendatu eta beste batzuenak gutxietsi". Testuinguru horretan joan den asteburuan eindako mobilizazioak aipatu zituzten, 60 senideri aplikatutako 7/2003 legea desaktibatzea eskatzeko, Biziarteko zigorrik ez. Giza eskubideak, bizikidetza eta ebazpena lelopean.

"Presoen giza eskubideen defentsa desitxuratu eta kriminalizatzeko saiakeren aurrean, berriz ere lanean jarraituko dugula azpimarratu nahi dugu eta horretarako mobilizazio sozialak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, euskal presoei legeria arrunta aplika diezaieten eta egiten ari diren ibilbide juridiko-penitenziarioari oztoporik ez jartzeko. Haien eskubideak errespetatzea da eskatzen duguna. Ez ezkutuko biziarteko zigorrari, ez espetxean edukitzeari haietako askok zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenean. Eskubidea dute preso askok baimen arruntak lortzeko, hirugarren gradura eta gaitzespenetara iristeko eta aske uzteko baldintzak betetzen dituzte".

Oraindik ere preso askok eta asko Euskal Herritik urrun jarraitzen dutela nabarmendu zuten. "Azpimarratu nahi dugu 198 presotatik 113 preso daudela oraindik EHko periferiako espetxeetan (eta 21 Estatu Frantsesean), eta horiek euskal espetxeetara hurbildu behar dituzte lehenbailehen". Era berean, larri gaixo dauden hemeretzi presoak eta 65 urtetik gorakoak aske uzteko ere eskatu zuten. Pandemiari lotutako komunikazio murrizketak eta etendurak direla eta, oraindik "oso testuinguru zailean" daudela azaldu zuten. "Eskubide urratzeak berriro ere presoen eta haien familien artean nagusitzen dira. Talde zaurgarrietan dauden presoak ez dituzte askatu. Hori gutxi balitz, urte eta erdi geroago, presoek oraindik ere ezin dute familia harremanik izan; izan ere, El Duesoko euskal presoek esan duten bezala, espetxe zuzendariek alarma egoerari dagozkion protokoloak mantentzen dituzte oraindik, gaur egun inolako zentzurik ez duen psikosi-giroan. Espetxe-politikan irizpide humanitarioak aplikatzeko garaia da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide