Intza Lizarazu: "Ligak jarriko gaitu merezi dugun edo dagokigun lekuan"

Julene Frantzesena 2021ko ira. 23a, 08:45

Taldea osatzeko bi jokalariren faltan, denboraldi-aurrea aise gainditu du Azkoitia-Azpeitia ISBk. Euskal Kopa irabazi zuen joan zen asteburuan, eta balentria horrek emandako indarra baliatu nahi du taldeak leihari ekiteko. Zapatuan ekingo diote Challenge Ligari ISBko emakumeek Granadan, eta lehen hitzorduaren atarian Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) taldeko kapitainarekin hitz egin du Maxixatzen.eus-ek.

Ezin hobeto borobildu duzue denboraldi-aurrea, Euskal Kopa irabazita. Espero al zenuten?

Oraindik taldea osatzen ari gara, eta bagenekien erronka polita izango zela Euskal Kopa jokatzea. Beste bi taldeak [Barakaldo eta Ibaizabal] ezagutzen ditugu; oso ondo jokatzen duten bi talde indartsu dira. Garbi genuen irabazteko gauzak ondo egin behar genituela. Azkenean, kostatuta, baina kopa etxera ekartzea lortu genuen. Beraz, pozik gaude.

Aurretik inoiz irabazi al zenuten?

Ez genuen sekula irabazi. Orain dela urte gutxira arte, lehenengo mailako taldeek bakarrik hartzen zuten parte Euskal Kopan. Gerora, lehenengo mailako taldeen aurka jokatu izan genuen, eta egia esan, erronka politak zirela haiek. Dena den, ez geunden inoiz kopa lortuta. Orain, berriz, bi Euskal Kopa jokatzen dira: lehen mailakoa eta bigarren mailakoa. 

Finalean atzetik izan zineten, baina lortu zenuten aurrea hartzea eta kopa etxeratzea. Zein izan zen egoera iraultzeko klabea?

Fnalekoa ez zen gure partidarik onena izan. Gauzak ez genituen landu bezala egin, eta partidan sartzea asko kostatu zitzaigun. Erasoan min handia egin ziguten lehenengo bi laurdenetan, eta defentsan ez ginen eroso sentitzen. Aldageletatik bueltan, aurrerapausoa ematea lortu genuen, eta zaleen bultzadarekin, partidan bete-betean sartu ginen. Poliki-poliki defentsako lana hobetuta, erasoan ere ondo sentitu ginen, eta partidari buelta ematea lortu genuen. Garbi daukagu: defentsan ondo gauden momentuetan erasoan asmatu egiten dugu.

Zer moduzkoa izan da, oro har, denboraldi-aurrea?

Denboraldi-aurrea ondo joan da, baina taldea guztiz osatuta ez egoteak eragina izan du. Oraindik bi fitxaketa falta zaizkigu iristeko, eta Paula [Sanjuan] lesionatuta dago. Beraz, nahiz eta balorazioa positiboa den, taldea guztiz osatzeko eta guztiok batera benetan lanean jarraitzeko gogoz gaude.

Zer-nolako taldea duzuela esango zenuke?

Talde gaztea da orokorrean, eta borrokan aritzeko taldea dugula esango nuke. Gauzak ondo egiten baditugu, gerra asko emateko gai izango gara.

Espainiako Saskibaloi Federazioak erabaki du Challenge izeneko liga sortzea emakumeen Lehen Mailako eta Bigarren Mailako ligen artean. Zuek hor ariko zarete hastear den denboraldian. Gogotsu al zaudete?

Challenge Liga hasteko gogoz gaude, baina badakigu oso erronka gogorra izango dela. Talde gehienek sekulako fitxaketak egin dituzte, eta ziur lehenengo mailara igarotzea izango dutela helburu.

Zer abantaila ikusten dizkiozu liga berri horri? Eta zer desabantaila?

Polita da liga horretan aritzeko aukera izatea. Azken finean, oso talde eta jokalari indartsuen aurka jokatzeko aukera izango dugu, eta horrek talde bezala gogorrago egingo gaituela uste dut. Gainera, inoiz jokatu ez dugun kantxak eta inoiz izan ez garen hiriak ezagutzeko aukera ere izango dugu.

Bidaia ugari egin beharko dituzue, horrek eskatzen al du beste inplikazio maila bat?

Bidaiei dagokionez, ez da asko aldatuko gure inplikazioa. Orain arte ere bidaia luzeak egin eta autobusean ordu asko pasatu ditugu. Beraz, alde horretatik, prest gaudela esango nuke. Gainera, bidaia bat baino gehiago hegazkinez egingo ditugu aurten, eta hori sekulako luxua da guretzat.

Ezagutzen al dituzue aurka izango dituzuen taldeak? Zer-nolakoak direla esango zenuke?

Aurka izango ditugun taldeak ezagutzen ditugu; batzuk besteak baino gehiago, baina orokorrean, guztiak. Urte asko daramatzagu saskibaloian, eta guztiok ezagutzen dugu elkar. Hain zuzen ere, hori da kirol honen alderik politenetako bat. Esan bezala, oso-oso talde onak egin dituzte denboraldi berrirako, kalitate handiko fitxaketak gauzatu dituzte. Lehenengo mailan jokatu izan duen jokalari bat baino gehiago egongo da Challenge Ligan.

Zer helburu jarri diozue zuen buruari denboraldi berriari begira?

Momentuz, helburu nagusiena taldea osatzea eta guztiok batera lanean hastea da. Urtero esaten dugun bezala, ligak jarriko gaitu merezi dugun lekuan edo dagokigun lekuan. Partidaz partida, daukagun onena ematen ariko gara, eta ahalik eta gorenera iristen saiatuko gara, dudarik gabe. Garrantzitsua izango da etxeko partidak irabaztea, etxetik kanpo irabaztea gehiago kostatzen baita beti.

Zer aldaketa izan dira Azkoitia-Azpeitia ISBn iazko taldearekin alderatuta?

Iazko denboraldiarekin alderatuta ez dugu aldaketa handirik izango. Fitxaketei dagokienez, Juana Molina, Uxue Etxarte eta Alazne Larrea –etxekotzat jotzen ditugu, lehenagotik elkar ezagutzen genuelako– dira jokalari berriak. Bestalde, iazko denboraldian gurekin aritu zen Mar kamerundarrak [Margaret Effa] taldean jarraituko du. Kanpoko fitxaketak, berriz, bi izango dira: Anisha [George] (Birjina Uharteak) eta Milena [Jaksic] (Montenegro). Zorionez, aurreko denboraldiko etxeko jokalari guztiok jarraitzen dugu, eta hori da klubaren helburua, jokalariek jarraitzeko gogoa izatea eta horretarako aukera izatea.

Urteak daramatzazu ISBn. Zein izan da hainbeste urtez aritzeko sekretua?

Bai, egia esan, urte asko daramatzat ISBn. Ez dago sekretu handirik. Zerbait benetan gustatzen zaizunean eta zure pasioa denean, ez dago aitzakiarik.

Taldeko etxeko jokalari beteranoena zara, kapitaina ere bai. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Kapitaina izatea beti da polita. Saiatzen naiz taldera datorren edonor ahalik eta ondoen zaintzen zein gertukoa izaten. Gainera, orain dela urte batzuk entrenatu nituen neskak taldekide ditut egun, eta hori ere oso polita da. Zahartzen ari naizen seinalea ere bada, baina... Gustuko tokian, aldaparik ez.

Denboraldia hastear duzuela, zer esango zenieke zaleei?

Partidak ikustera etortzera animatu nahiko nituzke. Harmailak betetzeko eskatu nahi nieke, beren berotasuna beharrezkoa izango dugulako, aurten inoiz baino gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide