Abian da ikasturte berria Abarketatxo ludotekan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 22a, 15:34

Hiru txandatan banatuta ekin diote ikasturte berriari Abarketatxo ludotekan. Ekainera bitartean, jolaserako eta lagun artean egoteko aukera izango dute bertan herriko neska-mutil txikienek.

Herenegun, astelehena, hasi zuen 2021-22 ikasturtea Abarketatxo ludotekak. Guztira, 51 haurrek eman dute izena ikasturte berrirako. Hain zuzen ere, 4 eta 5 urteko hogei neska-mutilek eman dute izena; 6 eta 8 urte bitarteko 25 lagunek eta 9 eta 11 urte arteko sei lagunek.

Bertan, jolasteko eta lagun artean egoteko erreferentzia-puntua izango dute ekainera bitartean herriko 4 eta 12 urte bitarteko haurrek. Helburua da partehartze estrategien eta ekintza ludikoen bitartez motibazioa, haurren heziketa, gizarteratzea eta dinamizazioa lortzea. Gurasoei, berriz, haurren heziketara bideratutako orientazioa eta laguntza eskaintzea da asmoa.

Txanda desberdinetan banatu dute astea ludotekan. Zehazki, HH4 eta HH5eko ikasleen txanda izango da astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara. Asteartetan eta ostegunetan izango dira, aldiz, LH1 eta LH3 arteko ikasleen egunak, ordu berean. LH4 eta LH6 arteko ikasleak, berriz, ostiraletan hartuko dituzte ludotekan, 17:00etatik 20:00etara.

Argazkiak: Abarketatxo ludoteka

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide