Auto batek aparkatutako beste biren aurka jo du Trino Uria kalean

Andoni Elduaien 2021ko ira. 20a, 10:18
Istripuko irudi bat.

09:30 inguruan jazo da ezbeharra, eta istripua izan duen autoko gidaria ospitalera eraman dute. Nahiz eta une batez itxita izan den, dagoeneko zabalik da errepidea.

Auto batek istripua izan du gaur, astelehena, Azkoitiko Trino Uria kalean. Udaltzaingoak Maxixatzen.eus-i esandakoaren arabera, istripua 09:30 aldean gertatu da. Iturriak adierazitakoaren arabera, autoa errepidetik atera eta kale horretako 7. zenbakidun etxebizitzaren aurrean aparkatuta zeuden beste bi autoren aurka jo du, etxebizitzaren bebarruko ate aurrean geratzeraino; aparkatutako bi autoei, gainera, zenbait kalte eragin dizkie.

Istripuaren gunera segituan gerturatu dira Azkoitiko Udaltzaingoa, Azpeitiko Suhiltzaileak, Ertzaintza eta Osasun Larrialdietako zerbitzuak, eta une batez kale horretako trafikoa moztu egin behar izan dute; halere, zabalik da bidea dagoeneko. Kaltetutako autoak mugitu dituzte garabiak eta udaltzaingoak, eta normaltasuna da nagusi jada istripua izan den gunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide