Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista aurkeztu dute Goiko Losan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 18a, 10:32
Goiko Losan egin zuten aurkezpena. (Urola Erdiko GKS)

Altsasun egingo dute aurten Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista. Urola Erdiko GKSko eta IAko kideek Altsasun egingo dutenaren berri eman zuten atzo, Goiko Losan. 

Atzo, ostirala, Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialistaren aurkezpena egin zuten Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleek (IA), Goiko Losa pilotalekuan. Aurten, Altsasun (Nafarroa) izango da Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista, urriaren 8tik 12ra bitartean, eta han egingo dutenaren nondik norakoak azaldu zituzten Azkoitian.

Altsasun egingo duten topagunean, "egungo errealitatea ulertzeko gako politikoak" haunsartuko dituzte, baita "antolakuntza komunista indartuko dituen eztabaidak" sustatu ere. Era berean, aisialdirako "eskaintza zabala" prestatu dute asteburu horretarako.

Eskubide zibilak eta politikoak "ezabatu" egin direla nabarmendu dute GKSko eta IAko kideek. Dena den, bi taldeek "lanean" jarraitu dute ikasturte guztian zehar, bai hezkuntzaren esparruan bai gazteen esparruan. Gainera, antolakuntza komunistaren aldeko "indarrak batzeko borrokan murgilduta" jarraitzen dutela nabarmendu dute. 

Norabide horretan antolatu dute Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista. Bi antolakundeentzat "garrantzitsua" da egungo testuinguruan "alderdi politikoen kontrolpetik eta instituzio burgesetik kanpo" kokatzen den jardun politikoa mantentzea; izan ere, beren esanetan, horretarako aukerak "erabat murriztu" dira pandemia garaian.

Goiko Losan egin zuten aurkezpenean Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialistaren nondik norakoak luze eta zabal azaldu zituzten. Pilotalekuan elkartu zirenek, gainera, Altsasuko topagunean izena emateko aukera ere izan zuten. Aurkezpena amaitutakoan, berriz, Nora eta Mirari musikari azkoitiarrek kontzertua eskaini zuten. 

Nora eta Mirari musikariak, aurkezpenean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide