Beherapenekin atera dira kalera herriko merkatariak

Andoni Elduaien 2021ko ira. 18a, 11:49

Azkoitiko Herrixen elkarteak antolatuta, Beherapen Azoka ari dira egiten kalean herriko saltokiak. Goizean eta arratsaldean egongo dira dendarien postuak zabalik. Hamar saltoki daude plazan, baina kalera atera ez direnak ere eskaintza bereziak izango dituzte gaur beren dendetan.

Eguraldi iluna bidelagun izan arren, gaur, larunbata, Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteko hainbat saltoki kalera, herriko plazara atera dira. Eguerdi partean jende asko ibili da postuz postu, beherapena zuten arropen, oinetakoen eta bestelakoen bila. Azkenaldian, Beherapen Azoka Balda plazan egin badute ere, aurten, herriko plazan ari dira egiten.

Hamar saltoki ari dira parte hartzen plazan jarri duten azokan, baina beste zenbait saltokik eskaintza bereziak eskainiko dituzte gaur beren dendetan. Plazan honako saltoki hauek aurki daitezke: Aitzaki kirolak, Bego, Begobi, Hazia, Iroa arropa denda, Izpi Optika, Maina, Naiena, Trukebai eta Yoko Kirolak.

Azokaren helburua da herriko merkataritza txikia sustatzea eta herritarren artean herrian bertan erosteko kontzientzia bultzatzea. COVID-19 dela eta, derrigorrezkoa da gaurkoan ere maskara erabiltzea. Gainera, postu bakoitzean, gehienez, lau pertsona egon ahal dira une berean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide