Hiru kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak herrian

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 17a, 13:15

Kasu positiboek azken bi asteetako joeran jarraitzen dute herrian. Halaber, intzidentzia tasa 200eko langara hurbildu da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 138,84koa da.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu du azken orduetako koronabirus kasuen berri dakarren txostena. Horren arabera, Azkoitian hiru kasu positibo zenbatu zituen Osasun Sailak atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno testetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak, gainera, behera egin du, eta 208,63ko tasan kokatu da. Azken astean, gainera, hamalau kasu positibo zenbatu du Osasun Sailak Azkoitian.

Urola Kosta eskualdean, berriz, 11 kasu positibo hauteman zituzten atzo; asteazkenean zenbatutako kopuru bera. Azpeitian lau kasu positi o zenbatu dituzte azken orduetan. Kasu horien eraginez, gora egin du intzidentzia tasak Azpeitian –223,39tik 249,67ra–. Orion eta Zarautzen, bestalde, kasu positibo bana detektatu zuten atzo; Orion, 146,77ko tasa dute, eta Zarautzen, 132,78koa. Zestoan, berriz, bi positibo detektatu zituzten.

Gainerako herrietan ez zuten positiborik atzeman, eta beraz, jaitsi egin dira herri horietako intzidentzia tasak. Hala eta guztiz, eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek. 

Ospitaleetako egoera, hobera

Hego Euskal Herrian 6.915 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 191k izan zuten emaitza positiboa. Bizkaian zenbatu zuten kasu kopuru altuena: 86. Gipuzkoan 56 izan ziren, Araban 20 eta Nafarroan 28. Positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du: jaitsi egin da emaitza positibo kopurua, baina baita lurralde guztietan egindako proba kopurua ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan, %1,9koa.

Ospitaleetako egoerak zertxobait hobera egin du azken orduetan. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan 153 lagun daude, horietatik 50 ZIUetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 24 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta Nafarroan hiru. Nafarroan, berriz, hiru lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur-gaurkoz 54 dira ospitaleetan dauden gaixoak; zainketa berezia behar duten herritarrak, aldiz, hamabost dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak beste zortzi puntu egin du behera, eta egun, 138,84koa da zenbatekoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide