Bihartik aurrera tabernek 03:00ak arteko baimena izango dute

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 17a, 11:49

Tabernetan, barrualdeetako edukiera muga %75ekoa izango da eta zortzi laguneko taldeetan kontsumitu ahal izango da; barran eta zutik ez, ordea. Gaueko tabernek eta diskotekek ere ateak zabaldu ahal izango dituzte, edukieraren erdiarekin. Neurriak bihar sartuko dira indarrean eta hamabost eguneko epean berrikusteko konpromisoa hartu du Labik. 

EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak, Labik, batzarra egin du gaur goizean, eta esperotako moduan, koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden neurriak arintzea erabaki du, egoerak hobera egin duelako. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa 150tik beherakoa da egun. 

Gotzone Sagardui sailburua izan da bihartik aurrera indarrean egongo diren neurrien berri eman duena. Hamabost eguneko epean berrikusiko dituzte neurriak, eta honakoak dira:

  • Ostalaritzako establezimenduek 03:00etan itxi beharko dituzte ateak. Barrualdeetan %75ekoa izango da edukiera muga eta gehienez zortzi laguneko taldeetan bildu ahalko da; terrazetan, gehienez hamabi laguneko taldeetan. Barran eta zutik ezingo da kontsumitu.
  • Elkarte gastronomikoetan %75ekoa izango da edukiera muga eta gehienez zortzi laguneko taldeetan bildu ahalko da.
  • Joko eta apustu etxeek ostalaritzarako ezarritako neurriak errespetatu beharko dituzte.
  • Diskotekek eta gaueko tabernek ateak zabaldu ahal izango dituzte, %50eko edukierarekin. Barran eta zutik ezingo da kontsumitu, eta dantza egin ahal izango da, baina beti maskara jantzita.
  • Gazte lokalek ateak ireki ahal izango dituzte 16-29 urte artekoen txertatzea %85era iristen denetik aurrera.
  • Merkataritza, kultura eta gizarte jarduera guztiek 03:00etarako bukatu beharko dute. 
  • Barrualdeetan %75ekoa izango da edukiera muga.
  • Gizarte, kultur eta kirol ekitaldietan, leku itxietan gehienez 1.500 lagun bildu ahalko dira; kanpoaldean egiten diren ekitaldietan, berriz, 1.800 lagun.
  • 3.000 lagunetik gorako edukira duten leku itxietan %40koa izango da gehienezko edukiera muga; irekietan, %60koa.
  • Barrualdean egiten diren taldeko kirol jarduerak gehienez hamasei laguneko taldeetan egin ahal izango dira. Aldageletan %50ekoa izango da edukiera muga eta dutxetan bi metroko distantzia mantendu beharko da.
  • Museoetan-etan egiten diren bisita gidatuak gehienez hogei laguneko taldeetan egin ahal izango dira.
  • Leku itxietan ezinbestekoa izango da maskara jantzita edukitzea; soilik jateko eta edateko unean kendu ahal izango da. Kanpoaldean maskara erabili beharko da elkarren artean metro eta erdiko tartea gorde ezin den lekuetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide