Miren Puertas: "Zirriborroaren eta margolanaren arteko hausnarketa bultzarazi nahi dut"

Andoni Elduaien 2021ko ira. 18a, 08:45
Miren Puertas, Donostian jarri duen erakusketan. (Argazkia: utzitakoa)

Miren Puertas Abaunz (Azkoitia, 1996) margolariak 'Donostia zuri-beltzean' izeneko erakusketa du irekita Intxaurrondoko kultur etxean. Zirriborroen eta margolanen arteko hausnarketara bideratu nahi ditu erakusketako bisitariak. Erakusgai duen proiektua mamitzeaz gain, aurrera begira buruan dituen asmoak zein diren azaldu ditu azkoitiarrak.

Margolanen munduan murgilduta zabiltza. Nolatan erabaki zenuen arte mundura urratsa ematea?

Ikasketaz ez naiz artista, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak ikasi bainituen. Margolanak denbora librean egiten ditut; izan ere, Azkoitiko Artelan zentroan nabil azken urteetan.

Erakusketa duzu irekita Donostian, eta zuri-beltzean egindako lanak aurkeztu dituzu. 

Donostia zuri-beltzean du izena erakusketa, eta nik marraztutako 25 lan ikus daitezke bertan; Donostia oinarrian hartuta egindako marrazkiak dira. Zirriborroetan hasitako proiektu baten bilakaera azaldu nahi izan dut. Marrazki batzuk besteak baino ezagunagoak dira, hala nola 'Haizearen orrazia' eta hiriaren Alde Zaharreko zatiak. Gainerakoan, kaleko zati batzuk edo beste perspektiba batzuk ere ikus daitezke.

Zirriborroetan hasitako proiektua dela diozu. 

Zirriborroak margolan moduan hartu izan ditut nik, eta hori da, hain zuzen, azaldu nahi izan dudana. Nire estiloa erakusteko egin dut bide hau; izan ere, zirriborroaren eta margolanaren arteko hausnarketa bultzarazi nahi dut. Zer da zirriborroa, eta zer da horiek adierazten dutena? Zer da marrazkia? Galdera horiek aintzat hartuta abiatutako proiektua da.

Donostiakoa ez da zure lehen erakusketa.

Lehenago ere egin izan ditut, bai. Halere, aurreko erakusketak beste artista batzuekin batera elkarbanatu izan ditut. Aurrez neuk bakarrik ere egin ditut erakusketa bat edo beste, baina horiek txikiak izan dira. Donostiakoa da erakusketa areto handi batean egin dudan lehen erakusketa propio handiena. 

Nolakoa da zure lanak besteei erakustea?

Komunikatzeko era bat da. Erakutsi nahi dudana ikusgai dago, eta orain, ikusi nahi dut zer nolako feedbacka jasotzen dudan bueltan. Irailaren 10ean erakusketan egon nintzen, eta hilaren 24an berriz ere han izango naiz bisitariei azalpenak ematen. Jendea badabil lanak ikusten, eta poza ematen dit horrek.

Zein da zure margoketa ohikoena?

Donostian jarri ditudan erakusketako lanak sketching teknikan daude marraztuta. Boligrafoa hartu eta paperean arkitektura edota kaleak marraztea dago oinarrian. Donostian erakusgai ditudan lanak, esaterako, boligrafoz eta errotulatzailez daude eginda. Bestelakoan, olioarekin ere lan egin dut, eta paisaiak nahiz erretratuak ere marrazten ditut. 

Ba al duzu etorkizunerako proiekturik eskuartean?

Bai, baditut gauzak buruan. Gainera, dagoeneko proiektu bat martxan dut, eta orain dudan lana da horrentzat zer aukera dauden ezagutzea eta beste erakusketa areto batzuk aurkitzea.

Afizioz ari zaren arren, badituzu eskuartean proiektuak. Bidea gehiago urratzeko asmoa duzu, beraz, ezta?

Aukera suertatuz gero, erakusketak irekiko nituela erabaki nuen. Nire lanak erakusketetan erakusteko aukera izanez gero, badut bide honi segida emateko asmoa. Ez da erraza, baina saiatu egingo naiz. Nik ere izan nituen nire burukominak, lanak erakutsi edo ez zalantzan egon bainitzen. Nahiz eta marrazkiak diren, horiek kontu pertsonalak dira, komunikatzeko bide bat baitira. Urrutira eramanda, biluzik aurkitzen zara zeure gauzak erakusten dituzulako. Beraz, badago erakustearen eta ez erakustearen arteko muga bat. 

Margotzea zaletasuna da egun zuretzat. Harago jotzeko asmorik edo aukerarik ikusten al duzu?

Saiatzea da kontua. Oraingo proiektua probatze aldera egin dut. Orain arte ez dut ezer asko erakusteko betarik hartu, baina azken urtean erakusketak-eta irekitzen hasi naiz. Nire lanak erakusgai eta salgai jarri ditut. Zer gertatzen den ikusteko eta probatzeko hartu nuen bide hau. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide