Udalak brigadarako hiru langile kontratatuko ditu, Lanbidek diruz lagunduta

Andoni Elduaien 2021ko ira. 16a, 15:08
Brigadako langile bat Plazaberriko zuhaitz adarrak inausten. (Udala)

Kontratatuko duten langileetako bat DBE jasotzailea izango da, 55 urtetik gorakoa bestea, eta epe luzean lanik gabe dagoen herritar bat hirugarrena. Udalak jakinarazi du, kontratatutako hiru langileetako bat izango dela, gutxienez, emakumea.

Azkoitiko Udalak hiru peoi kontratatuko ditu udal brigadarako. Enplegua sustatzea xede duen Urola Ekiten programaren baitan kontratatuko dituzte langileak, Lanbidek diruz lagunduta. Hautaketa prozesua martxan da dagoeneko, eta izena emateko epea zabalik izango da irailaren 28ra arte.

Udalak jakinarazi du kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango dela, eta langileak lanaldi osorako hartuko  direla. Hautagaia izateko, baina, ezinbesteko baldintza da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta deialdia egin baino sei hilabete lehenago Urola Erdiko udalerriren batean erroldatuta egotea. Halaber, euskaraz ahozko maila altua eskatuko zaie hautagaiei.

Profilei dagokienez, kontratatuko diren hiru langileetako bat Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) jasotzailea izango da, beste bat 55 urtetik gorakoa eta bestea epe luzeko langabea. Gainera, hiru pertsona horietatik gutxienez bat emakumezkoa izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide