Javier Beristain: "Asko gustatzen zait argazki bakoitza bere garaian kokatzea"

Andoni Elduaien 2021ko ira. 15a, 10:00
Javier Beristain, bere blogean ikus daitekeen argazki bat erakutsiz. (Andoni Elduaien)

Javier Beristainek (Azkoitia, 1953) urte askoan jardun du argazki munduan. Oraindik orain Beristain argazki kamerarekin edozein txokotan bere argazkiak egiten ikus daitekeen arren, orain 'Iraurgi zuri-beltzean' izeneko blog batean ari da garai bateko Iraurgi bailarako zuri-beltzeko argazkiak pilatzen. Herriko historia eta bizimodua zein izan zen sakonagotik ezagutzeko aukera ari da eskaintzen Beristain argazkien bidez. Bloga ez du egunero-egunero eguneratzen, baina bere esanetan, “urte askotarako materiala” bildu du azken lau urteetan.

Garai bateko argazkiak ari zara pilatzen 'Iraurgi zuri-beltzean' izeneko blogean. Nondik otu zitzaizun ideia abian jartzea?

Interneten hasi nintzen Azkoitiko argazki zaharren bila. Gune batean bat eta bestean beste bat aurkitzen nituen. Argazki bakoitza bere aldetik zegoela, eta pentsatu nuen egokia litzatekeela guztiak batu eta gune jakin batean gordetzea. Horrela, blog bat sortu nuen eta han hasi nintzen argazkiak jartzen.

Zer ikus daiteke blogean?

Lehenik eta behin, Azkoitiko argazkien bila hasi nintzen, baina Azkoitikoen bila hasita, Azpeitiko argazkiak ere atera egiten dira. Azkoitiko argazki ugari bildu nituen, eta orduan, Azpeitiko argazkiak biltzen hastea erabaki nuen. Azpeitiko irudien bila hasi nintzenean, ordea, Loiolako argazki asko eta asko zeudela jabetu nintzen. Azkoitiak eta Azpeitiak beti izan dute harremana, eta horregatik bi herrietakoak bildu eta zabaltzea erabaki nuen.

Gero eta joera handiagoa dago garai bateko argazkiak edo zuri-beltzeko argazkiak sarean erakusteko.

Nik ere jarraitzen ditut sare sozialetan horrelako kontuak, bai. Hasiera batean, ez nion horrelako garrantziarik eman kontuari. Duela 40-50 urteko argazki bat ikusitakoan, ordea, pertsonak nola jantzita zeuden eta abar ikusi ahal da. Pentsarazi egin dit gaiak, eta iruditzen zait interesgarria dela jakitea nondik gatozen eta nola bizitakoak izan garen.

Zein da zure lan egiteko modua?

Argazki pila bat dut jasota. Orain, blogean zein argazki argitaratu erabakitzea kostatzen zait gehien. Nik ez du hau historiako klase bat izaterik nahi. Horregatik, egun batean 1920ko argazki bat argitaratzen dut, eta hurrengoan duela 30 urteko beste bat. Gainera, oraintxe Azkoitikoa, gero Azpeitikoa… Argazkiak pixka bat nahasita jartzen saiatzen naiz.

Era askotako argazkiak aurkitu dituzu. Zeri ematen diozu garrantzia argazkiak bilatzerakoan?

Herri batera argazki bat ateratzera joan izan naizenean, beti gaizki-esaka jardun izan dut, atera nahi nuen argazkian kable bat edo aparkatutako auto bat agertzen zelako ertz batean. Azpeitian bazen argazkilari bat, ordea, horrelako xehetasunek ere argazkietan azaldu egin behar zutela esaten zuena. Orain konturatu naiz, arrazoia zuela argazkilari hark. Loiolako basilikaren argazkiak, esaterako, pila bat daude. Eraikina ez da aspaldiko urteetan aldatu, baina bai haren inguruan elkartu ohi ziren pertsonak, haien janzkerak edota autoak. Garrantzitsua da xehetasun txikiak argazkietan jasotzea, horiek garaian kokatzen gaituzte eta.

Zein iturritatik eskuratzen dituzu argazkiak?

Kutxateka, Gure Gipuzkoa, Auñamendi eta aurkitzen ditudan tokietatik ari naiz argazkiak pilatzen. Gainera, bildutakoan argazkiaren egilea, data eta nongoa den zehazten ahalegintzen naiz.

Zer da zuretzat argazki zaharrekin lan egitea?

Duela lau urte hasi nintzen proiektua osatzen, handik eta hemendik argazkiak pilatzen; aurten hasi naiz horiek blogean argitaratzen. Gainera, asko gustatzen zait argazki bakoitza bere garaian kokatzea. Argazkia ikusitakoan, ordea, ezin izaten zaio urterik jarri askotan. Irudi batzuk badute bere istorioa edo informazioa, baina ez dutenena Interneten-eta bilatzea gustatzen zait. Nire interesa lehenik eta behin argazkia da, irudia, baina iruditzen zait argazkiari asko laguntzen diola testuak, eta horren bila ibiltzen naiz. Aspalditik esan izan da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela; ni ados nago esan horrekin, baina ez da kasu guztietan horrela izaten.

Argazkien artean, zerk deitu dizu arreta?

Azkoitiko argazkiak bilatzen hasi naizenean, pilotarien argazki gehiago aurkitu ditut herriko paisaiarenak baino; eta pilotari horien guztien artean Atano III.ak ditu argazki gehien, pila bat. Kuriosoa da.

Zeuk gutxi landutako argazkiak darabilzkizu eskuartean. Zer nolako nabarmenduko zenuke?

Argazki batzuk oso onak dira kalitate aldetik, beste batzuk, berriz, ez. Era beran, azpimarratzekoa da argazki ia denak kanpokaldean ateratakoak direla; oso-oso gutxi daude barrualdean ateratakoak. Pentsatu nahi dut garai hartan baliabiderik egongo ez zelako izango zela.

Aurkitu dituzun argazkiak zer datatakoak dira?

1910-1920 arteko argazkiak izan daitezke, baina zehaztasun handirik gabe diot; izan ere, daten kontuarekin oso kontuz ibili behar da. Azkoitiko barrikak 1925. urtean lekualdatu omen zituzten Plazaberritik eliz atari aurrera. Ojangurenen argazki batean, ordea, urte hura baino lehenago barrikak eliz atarian zeudela ikus zitezkeen. Beste adibide bat ematearren, Azpeitiko argazkien bila hasi nintzenean, tren bat agertzen den argazki bat aurkitu nuen. Toki batean Indalecio Ojanguren argazkilariarena dela agertzen da; beste orrialde batean, aldiz, argazki bera beste autore batena dela aurkitu nuen, eta gainera, beste data batekoa. Horrelako kasuak asko dira, erraza da hankasartzea egitea. Internetarekin kontuz ibili behar da.

Gustatuko al litzaizuke herritarrek beren etxeetan dituzten argazki zaharrak jasotzea?

Bakarren batzuk bidali dizkidaten, baina pila bat gustatuko litzaidake gehiago jasotzea, sekulakoa litzateke. Derrigor egon behar dute Interneten ez dauden argazkiak. Proiektu honekin hasi nintzenean, argazkiak hartu eta hartu aritu nintzen. Gerora, ordea, pentsatu nuen politagoa zatekeela argazkiak nondik hartutakoak, zer datatakoak eta nork ateratakoak diren aipatzea. Hasieran aurkitu nituen argazki batzuk, ordea, ezin izan ditut bilatu orain.

Erantzun ona izan du proiektuak, ezta?

Ez dut erantzunaren presarik, ez dit gehiegi axola gunea zenbat jendek ikusten duen jakiteak. Nire helburua da herriko eta inguruko argazkiak leku jakin batean pilatzea, kasu honetan 'Iraurgi zuri-beltzean' blogean. Batek, agian, segituan deskubrituko du gunea, eta beste batek, agian, hamar urte beharko ditu horretarako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide