Bizenta Mogel ipuin lehiaketarako lanak aurkez daitezke

Andoni Elduaien 2021ko ira. 10a, 09:59

18 urtetik gorakoek parte har dezakete lehiaketan, eta euskarazko lanak aurkeztu ahalko dira. Ipuinak urriaren 31ra bitartean aurkez ditzakete herritarrek. Irabazleak 700 euroko saria eskuratuko du, oroigarriarekin batera.

Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Azkoitiko Udalak XL. Bizenta Mogel ipuin lehiaketa antolatu dute elkarlanean, euskara eta literatura uztartzeko nahiz indartzeko eta sortzaileei aukera bat emateko. Antolatzaileek dagoeneko kaleratu dituzte lehiaketaren oinarriak, eta herritarrek urriaren 31ra bitartean izango dute ipuinak aurkezteko aukera; epamahaiak, aldiz, abenduaren 18an hartuko du erabakia. Lehenengo hiru saridunek 700, 500 eta 400 euroko sariak jasoko dituzte hurrenez hurren, oroigarri banarekin batera.

Adin nagusiko edozein pertsonak har dezake parte lehiaketan, eta horiek euskaraz idatzi beharko dituzte kontakizunak. Lau eta hamar orrialde arteko lanak aurkeztu beharko dituzte idazleek, orriaren alde batean eta tarte bikoitzaz idatzita. Gainera, lanek originalak eta inon argitaratu edota saritu gabekoak izan beharko dute. 

Ipuinak udaletxera bidali beharko dira; Azkoitiko Udala, Herriko enparantza z/g. 20720 Azkoitia helbidera, hain zuzen ere. Ipuinak gaitzizen batekin izenpetu beharko dira, eta horrekin batera gaitzizen berdina daraman itxitako beste kartazal bat ere aurkeztu beharko dute, egilearen datu pertsonalak zehaztuz.

Azken edizioan 34 lan aurkeztu ziren, eta Ainara Uranga Repulles azkoitiarrak irabazi zuen lehiaketa Marinela ipuinarengatik. Bigarren saria duela bi edizio hirugarren saria jaso zuen Marta Alberdi Urteagak eskuratu zuen Isiltasunaren Oroimena lanarengatik. Hirugarren saria, berriz, lehiaketa behin baino gehiagotan irabazi duen Juan Ramon Alberdi Ibarmiarentzat izan zen Gurpil Kontua ipuinarengatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide