Astelehenean irekiko da Abarketatxo ludotekan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2021ko ira. 8a, 09:42

Plazak bete bitartean, zabalik dago Abarketatxo ludotekako izen ematea. 4 eta 12 urte bitarteko haurrei eskainiko diete zerbitzua. Haurrak hiru txandatan banatuko dituzte astean zehar.

Astelehenean, irailak 13, irekiko da Abarketatxo ludotekan izen emateko epea. HH4tik LH6ra bitarteko haurrek eman ahal izango dute izena bertan. Zerbitzua, berriz, hilaren 20an, astelehena, hasiko dira eskaintzen. Azkoitiko 4 eta 12 urte bitarteko haurrei eta gurasoei zuzendutako udal-zerbitzua da ludoteka. Bertan, jolasteko eta lagun artean egoteko erreferentzia-puntua izango dute umeek. Helburua da partehartze estrategien eta ekintza ludikoen bitartez motibazioa, haurren heziketa, gizarteratzea eta dinamizazioa lortzea. Gurasoei, berriz, haurren heziketara bideratutako orientazioa eta laguntza eskaintzea da asmoa.

Txanda desberdinetan banatuko dute astea ludotekan. Zehazki, HH4 eta HH5eko ikasleen txanda izango da astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara. Asteartetan eta ostegunetan izango dira, aldiz, LH1 eta LH3 arteko ikasleen egunak, ordu berean. LH4 eta LH6 arteko ikasleak, berriz, ostiraletan hartuko dituzte ludotekan, 17:00etatik 20:00etara.

Informazio gehiago eskuratzeko, deitu 943-02 60 27 telefono zenbakira, idatzi gazteinfo@gazteriazkoitia.eus e-postara edo bisitatu www.gazteriazkoitia.eus webgunea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide