Sei positibo hauteman ditu Osasun Sailak Azkoitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 3a, 13:16

Herriko intzidentzia tasak gora egin du bigarren egunez jarraian, eta 242,01ean kokatu da egun. Eremu horian jarraitzen du Azkoitiak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bezalaxe. Hiru lurralde horietako batez bestekoa 280,28koa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du atzo, osteguna, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan eta hirietan koronabirusak izan duen bilakaera zehazten duen txostena. Dokumentuaren arabera, Azkoitian sei positibo detektatu zituen Osasun Sailak. Aitzitik, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du. Bigarren egunez jarraian igo da zenbatekoa herrian, eta egun 242,01ekoa da tasa Azkoitian.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, hamabi kasu positibo izan dira azken orduetan, duela astebete baino hiru gutxiago. Azkoitiko kasuez gain, hiru zenbatu dituzte Zumaian, bi Zestoan eta bat Zarautzen. Azkeneko datuekin, gora egin du kasu metatuaren tasak Zestoan; hain zuzen, 359,53tik 410,89ra Zestoan. Eskualdeko herri gehienetan, ordea, beheranzko joeran jarraitzen dute intzidentzia tasek, edo berdin mantendu dira. Tasa 262,81etik 216,82ra jaitsi da Azpeitian; 353,36tik 282,69ra Getarian; 65,23tik 48,92ra Orion; 149,91tik 145,63ra Zarautzen eta 234,05etik 213,70era Zumaian. Eremu horitik berdera igaro da Orio, baina horiz jarraitzen dute Azkoitiak, Azpeitiak, Zarautzek eta Zumaiak.

Hego Euskal Herrian 345 kasu positibo baieztatu dituzte azken orduetan: 191 Bizkaian, 112 Gipuzkoan, 111 Nafarroan, 37 Araban eta sei lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Astebete lehenago, abuztuaren 26an, 633 izan ziren Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriak. Atzoko probetan %6,1ekoa izan zen positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,7koa bezperan). Nafarroan, berriz, positibotasun tasa %7,4tik %8ra igo zen atzo.

COVID-19ak jota Osakidetzan ospitaleratutako pertsonen kopuruak, baina, gora egin zuen atzokoan: 198 ziren asteazkenean, eta 207 egun bat beranduago. Ospitaleratze berriak ere hazi egin ziren, 40 izan baitziren atzo, asteazkenean baino hiru gehiago. Dena den, ZIUetan dauden gaixoen kopurua zertxobait jaitsi zen, 73tik 71ra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide