Zabalik da Hizkuntza Eskola Ofizialeko matrikulazio epea

Andoni Elduaien 2021ko ira. 1a, 10:57
Zenbait ikasle, Gaztanenea Formakuntza Zentroan. (Argazkia: udala)

2021-2022 ikasturtean 392 plaza eskainiko dituzte Azkoitian. Ingelesa, frantsesa eta alemana ikasteko aukera izango da maila ezberdinetan. Izena emateko epea irailaren 17an amaituko da.

Hizkuntza Eskola Ofizialak gaur, irailak 1, zabaldu du 2021-2022 ikasturterako matrikulazio epea, eta irailaren 17an itxiko da izena emateko epea. Interesdunek online eman beharko dute izena. Azkoitian, Gaztanenea Formakuntza Zentroan eskainiko dituzte aurten ere eskolak, eta hizkuntza eskaintzari dagokionez, maila ezberdinetako ingelesa, frantsesa eta alemana irakatsiko dituzte.

Ingelesean sei talde osatuko dira, eta ikasleek aukera izango dute ondorengo mailaren bat hautatzeko: B1, B2.1, B2.2 eta C1. Azken bi maila horietan, gainera, bina talde eratuko dituzte.

Frantsesa A1, A2, B1 eta B2.1 mailetan eskainiko da, eta, alemana, berriz, A1, A2, B1 eta B2.2 mailetan. Ingelesekoez gain, beste zortzi talde osatzea aurreikusten da. 

Era berean, ingeleseko B2.2 eta alemaneko B1 ikastaroak erdipresentzialak izango dira. Gainerakoentzat, ordea, eskolak astelehenetan eta asteazkenetan edo astearte eta ostegunetan izango dira, 15:55etik 18:10era edota 18:15etik 20:30era, hain zuzen. 

Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko gelak 2016-2017 ikasturtean zabaldu zituzten ateak. Lehen ikasturtean 84 plaza eskaini ziren eta ingelesa izan zen eskaini zuten hizkuntza bakarra. Ordutik, hazi egin dira nola plaza kopurua hala hizkuntza eskaintza. 2021-2022 ikasturtean, 392 plaza eskainiko dituzte, alegia, 28 ikasle talde bakoitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide