Azkoitiarren doinuak

Tomas Lizarazuren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2021ko abu. 25a, 09:00
Tomas Lizarazu abeslaria.

Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslaria da Maxixatzen.eus-ek udan martxan jarri duen Azkoitiarren doinuak serieko hirugarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • One, two (Glaukoma): "Glaukoma asko gustatzen zaidan talde bat da, zuzenean ikusi ditut pare bat aldiz, eta sekulako egurra ateratzen dutela iruditzen zait. Egiten duten musika nahiko berritzailea izan da Euskal Herrian, eta bereziki One, two abestia aukeratu dut Juantxok kantatzeko orduan duen transmititzeko moduagatik eta esaten dituen esaldiak oso apurtzaileak direlako. Jarrera kritiko ederra duela iruditzen zait".

  • Zaldi zauritua (Berri Txarrak): "Abesti hau zerrenda honetan sartu nahi nuen azkenaldian Euskal Herrian egin duten guztiagatik. Euskal talde gehienontzat erreferenteak dira, eta Zaldi zauritua abestia entzuten dudan bakoitzean oilo-ipurdia jartzen zait; kristoren energia transmititzen dit. Zuzenean ere ikusi izan ditut, eta gozatu egiten dut kantu hau entzuten dudan bakoitzean, kotxean zein etxean".

  • Harriak (Anari): "Harriak aukeratu badut ere, Anariren edozein abesti aukeratuko ahalko nuke. Disko horretan dauden edozein abestiri hamar mila buelta eman dizkiot. Aspalditik entzuten dudan artista bat da Anari, eta iruditzen zait dudarik gabe Euskal Herriko letristarik onena dela. Entzuten dudan bakoitzean bere hitzetan murgiltzen naiz, eta beti topatzen dut zerbait berria horietan, aurretik aurkitu ez dudana. Entretenigarria egiten zait bere hitzak entzutea, eta bakoitzeko harritu egiten nau.

  • Ez Da Izango (Willis Drummond): "Asko gustatzen zaidan taldea da Willis Drummond, eta aspalditik entzuten dut haien musika. Ez Da Izango abestia kotxean izan dut, grabatutako disko batean, eta kantu hau iristean beti gozatu izan dut. Talde honen oso oroitzapen ona dut, zuzeneko batean ikusi bainituen kuadrillako beste lagun batekin Azpeitiko saninazioetako txosnetan. Sekulako zuzenekoa eman zuten eta kristoren festa sortu zuten; talde eta abesti hau entzuten ditudan bakoitzean une horretaz akordatzen naiz".

  • Joxemai Beltza (Jotakie): "Jotakie niretzako beti izan da erreferentea, Azkoitian halako talde bat eduki izana ona da, nahiz eta guk ez ditugun ezagutu beraien hasierako garaiak. Bertako musikari guztiak oso jatorrak dira, haiekin kointziditu izan dut, eta eszenatokian ere egon izan naiz, bueltatu izan direnean. Beti gozatzen dut Jotakie entzuten, eta Joxemai Beltza abestia bereziki gustatzen zait. Katu beltz bat dugu etxean, eta Joxemai izena jarri genion abesti honengatik. Jotakiek nire gaztarora eramaten nau bete-betean eta talde ederra dela iruditzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide