Aitor Goenagak grabatutako 'Pasaia' filma, Sitgesko zinema jaialdiko hautagaien artean

Julene Frantzesena 2021ko abu. 20a, 08:22
Aitor Goenaga eta lantaldea 'Pasaia' filmaren grabaketan.

Xanti Rodriguezek zuzendutako lanak Sitgeseko jaialdiaren 54. edizioko Noves visions-Petit format sailean parte hartuko du. Pasaia fantasian oinarritutako eta mikro formatuan –zortzi minutuko iraupena du– egindako filma da. Adikzioak eta bizitza nahiz heriotza bereizten dituen pasaia lantzen ditu lanak.

Kataluniako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian estreinatuko da ofizialki Xanti Rodriguez zinemagile eta argazkilari azpeitiarrak ekoiztu eta Aitor Goenaga kameralari azkoitiarrak grabatu duten lana: Pasaia. Sitgeseko jaialdiaren 54. edizioko Noves visions-Petit format sailean parte hartuko du ikus-entzunezkoak, jaialdiko epaimahaiak hala erabakita. Han ikusi ahal izango da lehen aldiz Rodriguezen eta haren taldearen lana.

Pasaia fantasian oinarritutako eta mikro formatuan –zortzi minutuko iraupena du– egindako filma da. Adikzioak eta bizitza nahiz heriotza bereizten dituen pasaia lantzen ditu lanak, eta istorioa komikien munduan dago oinarrituta. Estetika eta estilo bereziak ditu ikus-entzunezkoak. Hala azaldu du Rodriguezek: "Ikuslea ez du axolagabe utziko. Ikuslea harritzea nahi dugu; ikuslearengan inpaktua eragitea eta ikusleak hausnarketa egitea da xedea".

Film osoa Azpeitian grabatu zuten. Rodriguezen arabera, "etxean eta etxekoekin" egindako lana izan da Pasaia. Javier Barandiaran da aktore nagusia, eta Goenaga kameralariaz gain, Xanti Salvado soinu teknikariak nahiz Kamikaz kolektiboko Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak parte hartu dute lanaren ekoizpen prozesuan. Filmaren ekoizpen zuzendaria, berriz, Yara Vergara da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide